(argazkia: Donostia Kultura)

Apirilaren 20an abiatuko da 2024ko Dantzaren Hilabetea Donostian

Aurten berrikuntza gisa, XXI. Dantza Sarien banaketa ekitaldia Dantzaren Nazioarteko Eguneko ekitaldiaren baitan izango da. Igor Calonge eta Oihana Vesga dantzariek Ibilbide Artistikoari saria eta Dedikazio Saria jasoko dituzte, hurrenez hurren.

XVI. Dantza Kalean eta XXVI. Kontxako Barandak emango diote hasiera hurrengo asteburuan, apirilak 20 eta 21, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak antolatutako Dantza Hilabetearen ospakizunei, apirilaren 28an egingo den Dantzaren Nazioarteko Eguneko XXVII ekitaldiarekin itxiko dena.

Larunbatean, Alderdi Ederren Dantza Kaleaneko XVI. edizioa izango da. Bertan, hamahiru eskolatako 281 dantzarik parte hartuko dute hainbat estiloko piezak interpretatuz: dantza garaikidea, jazza, neoklasikoa, urbanoa, aurredantza eta street jazza.

Hurrengo egunean, hilak 21, Kontxako Baranda izango da Kontxako pasealekuan. Bertan, Gipuzkoako eta Bizkaiko eskoletako 1476 ikaslek parte hartuko dute.

Dantzaren Hilabeteari amaiera emateko, apirilaren 28an, 12:00etan eta 19:00etan, Dantzaren Nazioarteko Egunaren XXVII. Ekitaldia egingo da Victoria Eugenia Antzokian. Besteak beste, Igor Calonge eta Oihana Vesga sarituak, JAC Ballet, Jon Vallejo (Dresden), Hodei Iriarte, Chihiro Tamai eta Manuel Sanchez (Kiev ballet-a), Mikel Arana, Compagnie Illicite Bayonne, Elephant in the Black Box dantza garaikideko konpainia, Verdini Dantza Taldea eta Malandain Ballet Biarritz konpainiek hartuko dute parte.

Aurten berrikuntza gisa, XXI. Dantza Sarien banaketa ekitaldia Dantzaren Nazioarteko Eguneko ekitaldiaren baitan izango da. Igor Calonge eta Oihana Vesga dantzariek Ibilbide Artistikoari saria eta Dedikazio Saria jasoko dituzte, hurrenez hurren, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearen eskutik.

Ekitaldirako sarrerak eskuragarri daude jada Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.

Zabaldu: