Emanaldien artean, azken egunean, jaialdirako propio antolatutako kontzertua nabarmentzen da. Honetan, Erramun Martikorenak, Elene Arandiak, Mixel Ducauk, Garazi Esnaolak eta Oreka TX taldeak hartuko dute parte, arratsaldeko 19:00etan, Berdura plazan.
Tolofolk musika-jaialdiaren bosgarren edizioa izango da hilaren 23tik 27ra bitartean, Tolosan. JeaJeaka Kultur Elkarteak antolatuta, folk musikaren alorreko puntako musikari eta taldeez gozatzeko aukera eskainiko du, kultura herrikoiari oihartzuna eta indarra emateko asmoz.
Aurtengorako ere askotariko eskaintza osatu dute antolatzaileek, aukera izango baita diziplina, estilo, instrumentu eta jatorri ezberdinetako musika entzuteko. Orotara, zortzi hitzordu izango dira: ikus-entzunezko baten proiekzioa eta zazpi kontzertu.
Apirilaren 23an, asteazkena, abiatuko da jaialdia Euskal herri-musika dokumentalaren proiekzioarekin. Fernando Larrukertek 1978an zuzendutako filma duela urte batzuk digitalizatu bazen ere, urte luzez itzalean egon da, baina aurten pantaila handian proiektatzeko aukera lortu du elkarteak. Beraz, “ezkutuko altxor bat ikusteko aukera paregabea izango da Topic-eko emanaldia. Euskal Herriko musikagintzako artista ezagun asko agertzen dira dokumentalean, tartean Juan Mari Beltran, Maurizia Aldeiturriaga, Jean Mixel Bedaxagar, Lazkao Txiki eta Lopategi, Artze anaiak eta Txomin Artola.
Larunbat goizeko kaleko emanaldiez gain, taula gaineko sei kontzertu ere jasotzen ditu egitarauak, eta tartean dira hauek: Deira, The Battle of the folk Bands lehiaketa irabazi duen talde ez-eskoziar bakarrarena; nazioartean nabarmentzen ari den Caamaño&Ameixeiras bikote galiziarrarena; folk elektronikoa jorratzen duen Lapurdiko Zeze artistarena; aho-soinua jotzen duten Landa aita-seme anoetarrena; eta artzain-tradizioaren soinuetara bidaiatzeko aukera ematen duen Juanma Sanchez eta Luis Payno bikote madrildarrarena.
Igandean, emanaldi berezi batek emango dio amaiera aurtengo jaialdiari: Erramun Martikorenak, Elene Arandiak, Mixel Ducauk, Garazi Esnaolak eta Oreka TX taldeak propio antolatutako kontzertu bat. “Berezia eta bakarra”, azpimarratu dute antolatzaileek.
Egitaraua: Tolofolk 2025 egitaraua.pdf