Sambou Diaby eta Jone Laspiur aktoreak (argazkia: Tentazioa Produkzioak)

Apirilaren 25ean estreinatuko da Asier Urbietaren ‘Faisaiaren irla’ film luzea zinema aretoetan

Urbietaren lehenengo film luzea 48. Göteborg Film Festivaleko Nazioarteko Lehiaketan estreinatu ondoren iritsiko da zinema aretoetara. Thriller honek Jone Laspiur eta Sambou Diaby ditu protagonista.

Asier Urbietaren lehenengo film luzea apirilaren 25ean estreinatuko dute zinema aretoetan BTeam Pictures-en eskutik. Hendaian, Baionan, Donostian eta Irunen filmatuta, Urbietak berak eta Andoni de Carlosek (Handia) idatzi dute gidoia euskara, gaztelania eta frantsesa nahastuz eta Jone Laspiur eta Sambou Diaby aktoreak ditu protagonista.

Faisaien Irla munduko kondominio txikiena da eta Espainiar eta Frantziar estatuen artean banatzen da. Bidasoa ibaiaren bokalean dago, eta bertan, azken urte hauetan Irun eta Hendaia arteko muga gurutzatzear zirela, gutxienez bederatzi lagunek galdu dute bizia.

Laida (Jone Laspiur) eta Sambou (Sambou Diaby) protagonistak irla paretik paseatzen doaz bi pertsona ibaia igerian zeharkatu ezinik ikusten dituztenean. Egun batzuk beranduago, hilotz bat agertuko da irlan, estatu batek besteari uhartearen burujabetza ematen dion ekitaldian. Urbietak azaldu duenez, “egun buruzuri batean gosaltzen ari nintzela, txirrindulari batzuk Bidasoaren beste aldera iristen saiatzen ari ziren bi pertsonen oihuak entzun zituztela irakurri nuen egunkarian. Ezin omen zioten korronteari aurre egin. Haien lekuan jarri eta galdera bat hasi zitzaidan buruan bueltaka: ‘Zer egingo nuke nik?’ Jauzi egingo nukeela erantzutea gustatuko litzaidake, baina, ez daukat hain argi. Gertakari honetatik abiatuta pelikularen istorioa garatu nuen”.

Urbietak bere etxetik gertu gertatzen den “egoera konplexu eta global hau” kontatu nahi izan du filmarekin, askorentzat ezezaguna delako. “Mugak, nazioarteko politikak eta bidegabekeriak guztiei eragiten digute. Horregatik sortu zait historia hau kontatzeko beharra. Etxetik gertu gertatzen den historia hau nazioarteko ikusleei ere eragingo dielakoan nago, unibertsala delako”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna