Urtero bezala, apirilaren 6an Baigorrin abiatuko den Kulturaldiaren ekitaldi nagusia izango da Nafarroaren Eguna, hilaren 27an.
Basaizea kultur batasunak Nafarroaren Eguna aurkeztu du Kateekin ateak hauts lemapean. Urtero bezala, apirilaren 6an Baigorrin abiatuko den Kulturaldiaren ekitaldi nagusia izango da Nafarroaren Eguna, hilaren 27an.
Kulturaldiak Baigorriko eskualdean orotariko euskarazko ekitaldiak eskaintzea du helburu: antzerkia, kantaldia, eztabaida, gogoeta… Euskarazko sorkuntza eta emanaldien eskaintza urriari erantzun bat emateko asmoz sortu zen Kulturaldia 1979an. “Gaur egun, eskaintza anitzez aberatsagoa da, baina ez dugu begi bixtatik galtzen euskaraz bizi nahi badugu, horrelako ekitaldiak beharrezkoak direla eta oraindik lan handia gelditzen dela, euskal kulturak leku oraindik ttipiegia duelako gure lurraldean”, adierazi dute Basaizeko kideek.
Hala ere, lehen ediziotik gauzak asko aldatu diren arren, euren aldarrikapen katea ez dela sekula eten nabarmendu dute. Kateekin ateak hauts aurtengo leloa da horren adierazle. “Kateak erasotzeko etengabeko saiakerak gauzatu dituzte azken hilabeteetan. Gure balore kateak suntsitu nahi izan dituzte iaz, Nafarroaren Egunean emaniko LGBTIK+ bandera urratuz. Eskuin muturrak eta faxismoak geroz eta indar eta leku gehiago hartzen duen heinean, kateak lot ditzagun!”, adierazi dute antolatzaileek.
Azaldu dutenez, “indibidualismoa zabaldu, eta gure arteko kateak hautsi nahi dituzte, baina guk, norberaren etxeko ateak hautsi eta erasoen kontra batzeko deia zabaltzen dugu, elkartasun kateak lotuz. Euskararen kateek nehoiz baino indar gehiago behar dute, gure hizkuntzaren kontrako erasoei aurre egiteko eta dena delako oldarraldiari katez- kateko erantzuna emanez”.
Kateekin ateak hausteko deia egin dute, “norberaren mugaren ateak eta norberaren nahitik engaiamendu kate kolektibo eta oso bat sortu ditzagun faxismoaren diskurtsoak suntsituz, euskararen kontrako jarrera oldarkorrak salatuz eta lurraren suntsitzea oztopatuz”.
Aurtengo edizioko kultura eskaintza
Kulturaldia Antton Telleriaren Ninini bakarrizketarekin abiatuko da apirilaren 6an, igandea. Ostiralean, hilak 11, berriz, Xabi Lasaren Ura ez baita beti gardena liburuaren aurkezpena izango da. Programak apirilaren 18an izango du segida Ziztada & Rlantz eta Ødei Barrosoren kontzertuekin eta 26an, Xiberoa kantuz loraturik musika ikuskizuna taularatuko dute. Anarik emango dio amaiera aurtengo Kulturaldiari apirilaren 30ean.
Ekitaldi guztien sarrerak basaizea.com webgunean daude eskuragarri.
Nafarroaren Eguna
Aurtengo Nafarroaren Eguna, igandean, apirilaren 27, izango da eta egitarau oparoa antolatu dute Basaizekoek.