(argazkia: Araba Euskaraz)

Araba Euskaraz egitarau oparoarekin helduko da aurten ere Olarizura

Ekainaren 16rako askotariko ikuskizun, tailer eta jolas eta jokoak antolatu dituzte, adin guztiei zuzendutakoak, baina, batez ere, haur, nerabe eta gaztetxoentzat. Aurtengo edizioarekin Oiongo San Bizente ikastola lagundu nahi dute.

Arabako zortzi ikastolak elkarrekin aritu dira oraingoan ere aurtengo Araba Euskaraz antolatzeko. Horrela, azken bi edizioetan martxan jarri duten ereduari jarraipena emango diote, “auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, eskuz esku, buruz buru, gure jakintza elkarbanatuz, gure harremana aberastuz”, adierazi dute. Azken bi urteetan bezala, Olarizun egingo dute Arabako ikastolen aldeko jai handia ekainaren 16an.

Aurkezpenean azaldu dutenez, “urte osoa eman dugu elkarrekin lanean, eta gaur ere ikastola guztiok gaude hemen. Hiru urteko esperientzia honek erakutsi digu batasunak ematen digun indarra. Indarra, Arabako ikastolen jaia antolatzeko eta aurrera eramateko. Eta indarraz gain, elkar hobeto ezagutzeko, elkarlanaren balioan sakontzeko eta elkarren arteko harremanak ehuntzeko balio izan digu. Urrutira iritsi nahi dugulako goaz batera. Eta ziur gaude, Araba Euskaraz antolatzeko bezala, beste hainbat esparrutan ere balioko digula elkarlan honek”.

Aurtengo edizioarekin Oiongo San Bizente ikastola lagundu nahi dute. Hala, San Bizente ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Oionen eta Arabar Errioxan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta bultzatzeko, eta erabilpen eremuak zabaltzeko baliatuko dute jaia.

Egitaraua

Ekainaren 16rako askotariko ikuskizun, tailer eta jolas eta jokoak antolatu dituzte, adin guztiei zuzendutakoak, baina, batez ere, haur, nerabe eta gaztetxoentzat. Dena den, familia giroa azpimarratu nahi izan dute, “familian ospatzeko egitaraua baita gurea, baina lagunartean ere gozatzeko  moduko menua prestatu dugu”.

Goizeko 10:00etan abiatuko da Araba Euskaraz jaia, Olarizuko etxaldearen ondoko auditorio begetalean. Ordutik aurrera, “euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko hamaika aukera izango ditu Araba Euskarazera datorrenak”.

Hiru gunetan banatu dute jaia:

Lautadan, esaterako, arte eszenikoak izango dira Armentia ikastolaren eskutik. Go!azen-en karaokea ere bertan izango da. Arabako ikastoletako ikasleek Mugaezin Txoua! eskainiko dute, eta Dantza Plaza eta Zunba ere izango dira gune horretan. Tailer eta jolasei dagokienez, bertan kokatuko dira Berriaren txokoa, Argitxoren txokoa, Eroski Elikadura Tailerra eta Makusi gunea.

Mendia gunean, berriz, Dantza mugaezin euskal dantzen topaketa egingo da. Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik, Bertsotan saioa izango da. Mirotz, Akerbeltz eta Araba Euskarazen aurtengo kanta konposatu duen Eh, Mertxe! taldeen kontzertuak ere gune honetan izango dira. Tailer eta jolasen txokoak ere egongo dira; Haurren basoa, eta Kaikuren Abestu, Dantzatu eta Sortu tailerra.

Amaitzeko, Erreka gunean: Maria Arandiaren Magia eta mirariak familian ikuskizuna izango da, eta Ibil Bedi, Janus Lester, Burutik eta DJ Malandroren kontzertuak ere bai. Halaber, gune honetan egongo dira bizikleta kukaña eta puzgarriak.

Egun osoan, eta gune batetik bestera, gaiteroak, Gasteiz Kantuz, Arai erraldoien konpartsa eta Alt Maresmeko Castellers-ak ibiliko dira.

Bestalde, Arabako ikastoletako ikasleen Erronkak ere Olarizun egingo dira: “Lehen Hezkuntzako ikasleak Mendia gunean arituko dira lehia sanoan, eta DBHkoak, berriz, gune guztietan”.

Olarizutik kanpo, Adurtza pilotalekuan, Arabako Herri Arteko Euskal Pilota txapelketako finalak jokatuko dira.

Zabaldu: