(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Araba Euskaraz jaia Olarizura itzuliko da

Argantzongo ikastolaren alde egingo dute datorren urteko Arabako ikastolen aldeko jaia.

1981. urtean izan zen lehen Araba Euskaraz jaia, Olarizun (Gasteiz). Ikastolen Elkartean ziren ikastola guztien artean antolatu zuten. Orain, orduko ideia hori berreskuratu eta gaur elkartean dauden ikastolen artean, elkarlanean antolatu nahi dute datorren urteko jaia, “zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egingo dugu, Argantzon ikastolaren alde. Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, Trebiñu baitugu zortzigarren alaba”, adierazi dute.

Azaldu dutenez, ez da jai egun bakar bat izango. Ikasturte osoan zehar, zortzi ikastoletan, Araba zabalean, jarduera eta ekitaldi desberdinak antolatuko dituzte. Urte osoko jarduna izango da, beraz, eta Araba Euskaraz eguna urte osoari bukaera ematen dion jai eguna izango da. “Zortzi ikastoletan sortu ditugu batzorde desberdinak eta lanak banatu ditugu: material salmenta, Tanta zozketa, babesle-laguntzaileak, publizitatea, segurtasuna, urte osoko ekimenak, eguneko egitaraua, muntaketa… Lan asko da elkarlanean kudeatu beharrekoa”, nabarmendu dute ikastolek.

Leloa eta logotipoa

Lehen ediziorako Nestor Basterretxeak egin zituen leloa eta logotipoa oinarri hartuta, landu dira 2022ko ekitaldirako leloa eta logotipoa. Araba, zazpi talde, bat euskararen alde izan zen orduko leloa. Arabako zazpi kuadrillei egiten zien erreferentzia. Datorren urtekoa, berriz, Zortzigarren alaba izango da. “Gorka Knörr-en Araba abestiaren ildotik, zortziak erreferentzia egiten die Arabako zortzi ikastolei, Arabako zortzi kuadrillei (zazpi ofizialak + Trebiñu), batasunaren erreferentziari (zortziak bat), eta Trebiñuri (bera da zortzigarren alaba)”.

Logotipoari dagokionez, “Basterretxeak sortutako logotipoan ageri den haritz hostoaren ildotik, zuhaitz desberdinen hostoak erabili dira, ikastolen aniztasuna islatzeko, eta, era berean, gure lurraldearen basoen, naturaren, aniztasuna ere”.

Zabaldu: