(argazkia: Vital Fundazioa)

Arabako Ahozko Memoriaren Artxiboa martxan

Aukeratutako zenbait adinekok Arabako azken ehun urteetako oroitzapenak kontatu dituzte, gure herrien eta biztanleen XX. mendeko erretratua osatzeko. Orain arte 60 ordu baino gehiagoko grabazioak jaso dira Arabako Mendialdean, Añanan eta Gorbeialdean, eta pixkanaka gainerako kuadrillak eta herriak sartuko dira     

Arabako ahozko memoriaren transmisioa eta kontserbazioa bermatzeko Arabartxibo proiektua jarri du martxan Vital Fundazioak. “Bizipen horiek herrietako ohiturak, tokiko hiztegia, barne-historia eta imajinario kolektiboa azaltzen dituzte”, azaldu dute sustatzaileek.

Lurraldeko kuadrillen eta udalerrien laguntzaz, gordailu digital honetan hautatutako hainbat adinekoren testigantzak jaso dira. Arabako azken ehun urteetako bilakaerarekin lotutako oroitzapenak izan dira pertsona horiek egin duten ekarpena. “Grabazioek gure herrien eta biztanleen XX. mendeko erretratu bat eratu dute, benetako altxorra, historian aldaketa gehien bizi izan dituen belaunaldietako bat ezagutzeko aukera emango duena”, nabarmendu dute.

Metodologia zientifiko eta antropologikoaren arabera egiten ari da lana Labrit Ondareko taldea, Beatriz Gallego antropologo arabarra buru dela. “2022an Arabako Mendialdean abian jarritako lehenengo esperientzia baten ondoren, azken bi urteetan Gorbeialdean eta Añanan egin da lan. Guztira, 23 testigantza herrietako bizimodu tradizionalari buruz: etxeen osaketa, elikadura, lanbideak, erlijiotasuna, jaiak, auzo-antolaketa moduak eta garraiobideen bilakaera, besteak beste”.

Orain arte 60 ordu baino gehiago daude aztertu, indexatu eta gaikako sekuentzia txikietan banatuta. Hitz gakoetarako bilatzailea, pertsonen, herrien eta gaien arabera banatuta, modu arinean nabigatzeko eta hautatutako edukietara sartzeko aukera ematen duena.

Pixkanaka, herri guztietako testigantzak sartuko direla nabarmendu dute, “denboran iraungo duen mosaiko aparta osatzeko”. Nahi duten toki-erakundeek lekukotza gehiagorekin osa dezakete proiektua, bertan parte hartuz eta, horrela, beren herrien memoriak bizirik iraun dezan lagunduko dute. “Proiektua berritzailea da, lurralde-hedaduragatik nahiz metodologia antropologiko eta zientifikoagatik. Elkarrizketa horien bidez bildutako ahozko memoria zabaltzea funtsezkoa da Arabako kultura-ondarea sozializatzeko, eta orain dela gutxi gure gizartea izan zenera hurbiltzen gaitu, eta, hala ere, denboran oso-oso urrun dugula dirudi. Orain bizitzen ari garena, hamarkada batzuk igarotakoan, ziurrenik ezagutezina izango da, nolabait gordetzen ez badugu ”, nabarmendu du Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna