(argazkia: AFA)

Arabako Arte Ederren Museoak ‘Emakumea. Familia eta lana’ erakusketa ireki du, Gasteizen.

Besteak beste, Ignacio Diaz de Olano, Fernando de Amarica eta Pablo Uranga artisten 35 lan jarri dituzte ikusgai  urriaren 19ra arte.

Arabako Arte Ederren Museoak askotariko ikuspegietatik jorratzen du bere erakusketa iraunkorra, urteetan zehar osatzen joan den bilduma zabalari esker. Oraingo honetan esaterako, emakumeen irudikapena izan du xede, bi eremuri helduta (familia eta lana), emakumeak funtsezkoak izan diren beste arlo batzuk (hala nola erlijioa, jaiak, gizartea eta hezkuntza) eta zenbait genero oparo (esaterako, erretratua eta biluzia) kanpoan utzita.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak adierazi duenez, “Emakumea. Familia eta lana erakusketan ikusgai dauden lanek beren egileen bidez hitz egiten digute, guztiak gizonak, hain zuzen ere emakumeek hezkuntzara oro har eta are artistikora sartzeko zituzten zailtasunen ondorioz”. Lan horiek emakumeak XIX. eta XX. mendeen artean euskal gizartean betetzen zuen zereginera hurbiltzen gaituzte, bizimodu tradizional eta landatar batetik hiriko eta industrial batera igarotzen ari baitziren.

Emakumea protagonista duten bizimodu horiek artista bakoitzaren estilo eta ikuspegi berezitik kontatzen dira, eta atal hauetan azaltzen dira: Emakumea landa-eremuan, Emakumea eta itsasoa eta Amatasunetik haratago.

Erakusketan Arabako egile oso garrantzitsuen 35 lan ikus daitezke, besteak beste Ignacio Diaz Olano, Fernando de Amarica eta Pablo Urangarenak, bai eta beste euskal artista batzuenak ere, hala nola Ramon eta Valentin de Zubiaurre, Aurelio Arteta edo Alberto Arruerenak. Gainera, bilduman dauden arren, ia lehen aldiz erakusten dira eremu nazionaleko zenbait lan, hala nola Joaquin Valverderen Gorularia eta Sanchez Cayuelaren Nafarroako sakaneko egurgileak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna