(argazkia: AFA)

Arabako Artxiboak ‘Zesarra Gasteizen’ erakusketa paratu du Gasteizko Kordoi Etxean

Erakusgai dauden dokumentuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: 1537ko Arabako Ordenantzak –Karlosek berak sinatutakoak–, 1522an Aguraingo hiribilduari eman zitzaion erregeren pribilegioa, edo 1518an Rotterdamgo Erasmok enperadoreari eskainitako Printze kristau baten heziketa lanaren Veneziako edizioa.

Arabako Artxiboak Zesarra Gasteizen izeneko erakusketa ireki du Gasteizko Kordoi Etxean, Karlos I.a enperadorearen irudia eta Arabarekin izan zuen harremana gogorarazteko.

Iaz, Karlos I.ak 1524ko urtarrilean eta otsailean Gasteizen egindako egonaldiaren bosgarren mendeurrena bete zen. 24 urteko enperadore gaztea Arabako hiriburuan kokatu zen. Hala, Gasteiz nazioarteko gorte baten egoitza izan zen zortzi astez.

Egun bizi horiek funtsezkoak izan ziren Arabaren eraldaketa ekonomiko eta sozialerako hurrengo hamarkadetan: Gasteizko biztanleria ia % 15 hazi zen, jauregi errenazentista berriak eraiki ziren, tokiko burgesia handitu zen nazioarteko merkataritzari esker, etab.

Xehetasun horiek guztiak gogoratzeko, Arabako Artxiboak artxiboan bertan gordetako dokumentu historikoak hautatu ditu erakusteko, bai eta Aguraingo eta Hondarribiko udalen maileguak eta Gasteizko Apaiztegiko Liburutegiarenak ere. Erakusgai dauden dokumentuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: 1537ko Arabako Ordenantzak –Karlosek berak sinatutakoak–, 1522an Aguraingo hiribilduari eman zitzaion erregeren pribilegioa, edo 1518an Rotterdamgo Erasmok enperadoreari eskainitako Printze kristau baten heziketa lanaren Veneziako edizioa.

Erakusketa apirilaren 4ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:30etik 19:00etara, astelehenetik ostegunera.

Erakusgai dauden dokumentu bakoitzaren historia hobeto ezagutzeko, taldeentzako bisita gidatuak eska daitezke Arabako Artxiboarekin harremanetan jarriz archivo@araba.eus helbidera idatzita edota 945 181 927 telefono zenbakira deituta.

Zabaldu:

Utzi erantzuna