(argazkia: Arabako Bertsozale Elkartea)

Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa egingo dute urtarrilaren 27tik martxoaren 25era

Aiaraldea, Arabar Errioxa, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (lau talde) eta Gasteiz (hiru talde) eskualdeek hartuko dute parte zazpigarren edizioan.

Arabako Bertsozale Elkarteak eta Kuadrillek Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa aurkeztu dute Maeztun. Orotara 280 parte hartzailetik gora izango dira zazpigarren edizio honetan. Azaldu dutenez, “2010eko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarentzat. Ordutik hona, bi urtean behin taldekako ekimen hau antolatu da”.

2018 eta 2020ko bideari eutsita Txapelketa formatua izango du aurtengoak ere eta orain arteko bidean sakontzea izango du xede: Arabako bertsolaritzak  urteetan eraikitzen joan den mugimendua saretu eta indartzeko.

Txapelketa honetan taldeka parte hartzen da, bi modalitatetan: bat-batekoan eta idatzizkoan. Bat-batekoari dagokionez, 12 talde osatu dira. 3-6 bertsolari arituko dira kantuan eta horiekin batera, gai-jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak. Guztira 9-12 laguneko taldeek parte hartuko dute.

Baina taldeak antolatzaile ere badira, bere herrian edo eskualdean saioak antolatzeaz arduratu dira eta. Aurten, guztira, 64 lagun ariko dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai-jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan, hala nola, kronista, argazkilari, sukaldari, musikari. Hurrengo eskualdeek parte hartuko dute: Aiaraldea, Arabar Errioxa, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (lau talde) eta Gasteiz (hiru talde).

Idatzizko modalitatea ere antolatu da eta honetan 16 taldek hartuko dute parte: Gazte Asanbladak, Mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak… “Bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte. Arabako zortzi eskualdetako ordezkariek parte hartuko dute bertso jarrien modalitatean. Bat-bateko modalitatearen saioak egiten direnenean parte hartuko dute talde hauek”, azaldu dute.

Aurtengo edizioa urtarrilaren 27tik martxoaren 25era luzatuko da bertso-eskolen eta Arabako Bertsozale Elkartearen arteko antolakuntza konpartitua, izaera kolektiboan eta bertsolaritza herrikoian oinarrituta.

Kanporaketak, finalaurrekoak eta finala

Denetara hamabi kanporaketa saio izango dira: urtarrilak 27an hiru saio, Gasteizen bi eta Oionen bat; urtarrilaren 29an Laudion; otsailaren 3an Gasteizen berriz ere; otsailaren 4an Aramaion eta Agurainen; otsailaren 5ean Narbaizan; otsailaren 10ean Aramaion beste bi saio; eta otsailaren 11n Murgian eta Corresen.

Kanporaketen ondoren hiru finalaurreko antolatuko dituzte: otsailaren 26an lehena Aguraingo Zabalarten; martxoaren 4an bigarrena Bastidako Kultur Etxean; eta
martxoaren 12an hirugarrena Murgian, Zuiako udaletxean.

Amaitzeko finala martxoaren 25ean izango da Laudion.

Zabaldu: