(argazkia: Arabako Bertsozale Elkartea)

Arabako Bertsolari Txapelketa urtarrilaren 28an abiatuko da Izarran

Martxoaren 16an izango da finala Gasteizko Printzipal Antzokian. Guztira, Arabako hemezortzi bertsolari lehiatuko dira.

Arabako Bertsozale Elkarteak, Baranbioko Garrastatxu Txokoan aurkeztu du 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Bertan goraipatu dutenez, 1982an jokatu zen lehen txapelketa, orain 40 urte. “Urte guzti hauetan zehar Arabako bertsogintzak egin duen bidea azaldu eta txapelketek egindako geldiuneak aipatu dituzte: “1982an Arabako Bertsolari Txapelketa, 1990ean Prudentzio Deuna sariketa, 2012an Arabako Bertso Kuadrilla artekoa, 2021an Arabako Binakako bertsolari Txapelketa  eta 2024an 40 urte lehen txapelketa burutu zela, beraz bada zer ospatua Araban”, adierazi du elkarteak.

Hala, aurtengo txapelketako lehenengo final laurdena urtarrilaren 28an jokatuko da eta martxoaren 16an izango da finala. Denetara, hiru final laurden, bi finalerdi eta finala izango dira. Final laurdenak Izarra, Oion eta Laudion izango dira. Finalerdiak, berriz, Aramaion eta Dulantzin eta, azkenik, finala Gasteizko Printzipal Antzokian.

Txapelketaren egiturari dagokionez, Arabako hamazortzi bertsolarik hartuko dute parte, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistek eta iazko udazkeneko kanporaketetan puntuazioaren arabera lehenengo hamahiruek. Hala, final laurdenetan hamazortzi bertsolari arituko dira, finalerditan hamabi eta finalean sei. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean. Final laurdenak, finalerdiak eta finala aretoetan, 5 saio eta finala.

Txapelketan Arabako bederatzi epaile arituko dira, hamahiru gai-jartzailek taldean gaiak sortuko dituzte eta horietako sei izango dira saioak eta finala aurkeztuko dituztenak.

Arabako Bertsolari Txapelketaren jarraipena egiteko Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean (www.bertsozale.eus/araba), bertsolaritza kanalean (www.bertsoa.eus) eta sare sozialetan egin ahal izango da.

Zabaldu: