Gasteizko ARTgia gunea

Arabako emakume sortzaileak ezagutzera emateko asmoz EmART beka jarri du martxan ARTgia guneak

Hautaketa prozesua ikasketa prozesua bihurtzeko helburuarekin, urriaren 24, 25 eta 26an, ARTgiak aurkeztu nahi duten pertsona guztientzako hiru formakuntza saio eskainiko ditu.

Emakume gazte eta artista arabarrei zuzendutako beka da EmART.  Antolatzaileen arabera, programaren izenaren erroak (Em) berak esaten duen bezala, emakumeari egiten dio erreferentzia. “Sortzaile hauek arte garaikidearen parte izan eta sentitzea eta artista moduan hauen ezagutza maila handitzea” da egitasmoaren helburua”. Deialdiak 200 euroko ordainsaria eskaintzen du, eta horretaz gain, arte-lanak bukatzean, aretoko espazioaz baliatzea bakarkako erakusketa garatu ahal izateko.

Bi erakusketa egingo dira EmART programaren barruan: bata kolektiboa, 2019. urtea bukatu baino lehen; bestea indibiduala 2020an.

Hautaketa prozesua ikasketa prozesua bihurtzeko helburuarekin bestalde, urriaren 24, 25 eta 26an, ARTgiak aurkeztu nahi duten pertsona guztientzako hiru formakuntza saio eskainiko ditu. Saio hauetan landuko diren gaiak: portfolioak nola egin (arlo artistikoa), sortzaileen ekonomia eta on line eta off line komunikazioa. Gai bakoitza pertsona aditu batekin landuko dela azaldu dute antolatzaileek eta horren ostean, proiektuak jasotzeko epea zabalduko da.

Askotariko diziplinak lantzen dituzten sortzaileek hartu dezakete parte EmART programan: arte bisualak; eszenikoak, soinu arteak eta literarioak, besteak beste. Urriaren 26tik azaroaren 10era arte egongo da deialdian izena emateko aukera.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, programa honen xedea “sortzaile gazteen eta arte eta kultura munduaren arteko harremana estutzea” da. Horretarako agente desberdinekin harreman sare berriak eraikiko dira. Tartean museo eta galeriak; arte espazioak; unibertsitate edo arte ikasleak, besteak beste. “Artistek euren ekosistema artistikoa eraikitzea da helburua”.

18 eta 32 urte bitarteko emakume arabarrek parte hartu ahal izango dute eta aurkezten diren proiektuen artean hiru hautatuko dituzte. Lanak artgiada@gmail.com helbidera bidali beharko dira.

Epaimahaia osatuko duten kideek proiektuen berritasuna, originaltasuna eta hibridazio eta fusio aukerak eskaintzen dituzten proiektuak hobetsiko dituztela iragarri dute.

Informazio guztia EmART 2019 – 2020 definit-2.

Zabaldu: