Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunearen muina bera osatuko duten kultur egitasmoak hautatu eta programatzeko tresna da deialdia.
Gasteizko Lazarraga Kultur Elkarteak Muina deialdiaren bigarren edizioa abiatu du Izaskun Arrue Kulturgunean, “kulturaz gozatu eta euskaraz sortu nahi duten guztiei irekia”. Egitasmoak proposamen-poltsa bat sortzeko asmoa du eta Araban prestaturiko kultura-egitasmoak jaso, hautatu eta 2026an zehar eskainiko dira, kulturguneko programazioaren bizkar hezurra osatuz.
Deialdiak Arabako euskarazko kultura-sorkuntza sustatzeko helburu argia duela diote sustatzaileek, eta adin nagusiko arabar guztiei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek banaka edo taldeka aurkeztu ditzakete beren ideiak eta proposamenak.
Azaldu dutenez, “Muina, euskaraz, zerbaiten zatirik barnekoena da, eta horixe izan nahi du deialdi honek: Izaskun Arrue Kulturgunearen muina bera osatuko duten kultur egitasmoak hautatu eta programatzeko tresna”.
Oraingoan, zazpi proposamen bilatzen dira: hiru ikuskizun (kontzertu, antzezlan eta gainontzeko arte bizietako bana), ikus-entzunezko proiekzio bat, hitzaldi bat, ikastaro bat eta lantegi bat. Aukeratutako proposamen bakoitzak, formatuaren arabera, ordainsari ekonomikoa jasoko du eta 2026an garatuko dira Kulturgunean, euskaraz eta bertako baliabideak erabiliz.
Izena emateko epea 2025eko uztailaren 31ra arte egongo da irekita. Parte-hartzaileek inprimaki honen bidez egitasmoaren deskribapen laburra, formatua eta bestelako eranskin lagungarriak (irudiak, bideoak, gidoiak…) aurkeztu beharko dituzte.
Deialdia Izaskun Arrue Kulturgunearen lan-ildo estrategikoen barruan kokatzen da: “sorkuntza bultzatzea, euskal kulturaren erakusleiho izatea, prestakuntza eskaintzea, hausnarketa sustatzea eta kultur bizipen gozagarriak eskaintzea. Helburua, jarduerak programatzetik harago, tokiko sortzaileei beren ibilbidean laguntza ematea, eta euskararen erabilera kulturaren bidez sustatzea da”.