Arabako herriak. Amamengandik bilobengana dibulgazio turistiko eta kulturaleko proiektu berri bat da, Arabako herrien erakargarritasun historiko, natural eta gastronomiko nagusiak ezagutarazteko, eta tokiko memorian sakontzeko, ahots ahaztuenen bitartez: amonen ahotsa.
Arabako herriak. Amamengandik bilobengana egitasmoaren lehenengo fase batean, hamar gida koaderno argitaratuko dira Añana, Amurrio, Artziniega, Asparrena, Barrundia, Kanpezu, Urizaharra, Agurain, Gaubea eta Bastidako udalerriei buruz, baina katalogo hori pixkanaka zabaltzen eta osatzen joango da. Gida koaderno horiek eskuragarri egongo dira turismo bulegoetan eta beste interesgune batzuetan.
“Proiektu honek gure herrien historia eta haien erakargarritasun turistiko nagusiak ezagutzera ematen ditu, baina, era berean, ondare immateriala berreskuratu eta jendarteratzen du, eta ondare hori kontserbatu eta transmititzeko borrokatu behar gara: ohiturak, kirolak, gastronomia, istorioak, jaiak, aisia… Lan honek aukera ematen digu gure herriak beste begirada batekin bisitatzeko eta ibiltzeko”, adierazi du Cristina Gonzalez diputatuak.
“Hainbeste aldatu gara? Nolakoa zen bizitza garai hartan? Zerk harritzen ditu bilobak?”, gida koadernoek galdera horiei eta beste batzuei erantzuten dizkiete aitona-amonen eta biloben ahozko testigantzen bidez eta tokiko kronisten dokumentazioaren bidez. “Informazio atsegina, berria eta originala ematen diete egoiliarrei, arabarrei eta bisitariei”.
Informazio hori paper formatuan argitaratutako liburuxketan dago jasota, bai eta arabakoherriak.com webgunean ere. Liburuxkak 30 orrialde ingurukoak dira, eta Inma Roiz idazle eta antropologoak eta Euskal Herriko turismoan aditua den Itziar Herran kazetariak idatzi dituzte. Eduki guztia gaztelaniaz eta euskaraz dago.
Amonen testigantzak
Proiektuaren elementu eta iturri nagusia amonen lekukotasuna da; izan ere, beren biloben aurrean kontatzen dute beren herrietan bizi izan duten historia. “Testigantza horiek harritu egiten gaituzte eta iraganeko garaiak dakarzkigute gogora; narrazio bizia dira, literatura testuetan, argazki material ugaritan eta ikus-entzunezko adierazpenetan aurkezten dena”.