Aran Santamariaren ‘Hostoz hosto erantzi!’ erakusketa Donostian ikusgai

Urtarrilaren 30era arte bisitatu ahal izango da erakusketa Okendo Kultur Etxean.

Ugariak eta anitzak dira Aran Santamaria artista zumaiarrak bisitatutako liburu azokak; zenbat eta bereziagoak orduan eta erakargarriagoak. Eta bertan ikusitako liburu eder horiek, gero, nola moldatu eta birsortzeko ahaleginean hasi ohi da Santamariaren irudimena; bera konturatzerako orduan eta eskuekin lanean hasi aurretik, irudimena martxan du. Papera eta liburuak maite ditu artista honek eta maitasun hori bere lanean nabaritzeaz gain, berarekin lanean aritzen direnei helarazten saiatzen da, batez ere bere ohiko lagun diren haurrei eta gazteei. Horretarako, hainbat tokitan antolatutako arte tailerrez baliatzen da, “haur bakoitzaren txinparta zirikatzea gustatzen zaidalako, eta batez ere naturaltasuna dudalako maite”, dio Santamariak.

Hala, liburu zaharrak oinarri hartuta eta pop up teknika erabiliz, liburu berriak osatzen ditu artistak; eta horretarako desplegableak, collageak, zuloak edota hariak bezalako teknika anitzak erabiltzen ditu. Beti ere istorio berriak irudikatuz eta sormen lanak garatuz; paperezko istorioak eraikiz eta paperezko arkitekturan arituz.

Bide beretik, eta sorkuntza prozesuan beste urrats bat gehiago emanez, nabarmendu behar dira ere Santamariak ohikoak dituen enkarguz egindako liburuak; liburu pertsonalizatuak dira, bezeroari egokitutakoak, eta haren liburu kuttunak, argazkiak, zaletasunak, lanbidea, ametsak… biltzen eta adierazten dituztenak.

Halaber, kolaborazio aipagarri anitz ere burutu izan ditu artistak; besteak beste, Zumaiako Txingurri loradendako erakusleihoan egindako moldaketa lanak; The Balde aldizkarirako pop-up formatuan sorturiko aldizkari eraberritua; Maite ditut maite arte liburuaren azala edota Soka gorri emakumearen egunerako egitarauaren esku programa.

Erakusketa Donostiako Okendo Kultur Etxean bisitatu ahal izango da urtarrilaren 30era arte. Bisita gidatuei dagokienez, azaroaren 27an, 18:30ean egingo da aurrenekoa euskaraz eta abenduaren 11n, ordu berean gaztelaniaz.

Zabaldu: