Jardunaldiak otsailaren 7tik 10era bitartean izango dira, guztiak Donostiako museoko areto nagusian, arratsaldeko 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Donostiako San Telmo Museoak Irulegiko Eskua ardatz izango duten jardunaldi arkeologikoak aurkeztu dituzte. Pieza epigrafiko honen aurkikuntza 2022ko munduko aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenen zerrendan sartu da. Beraz, San Telmok eta Aranzadik ekitaldi berezi bat prestatu nahi izan dute, arkeologia jardunaldien barruan eta publiko orokorrari zuzenduta. Aurkezpen honek musika eta zientzia batuko ditu. Irulegiko aztarnategiko zuzendari Mattin Aiestaran indusketari eta Irulegiko Eskuari buruzko hitzaldiaz arduratuko da, eta Oreka TX taldea eta Tom Lizarazu (Bulego taldea) musikaz arduratuko dira.
Ekitaldia otsailaren 13an, astelehena, arratsaldeko 19: 00etan izango da Donostiako Antzoki Zaharrean eta euskaraz izango da. Hitzaldi berezi honetarako, doako gonbidapenak eskuratu ahal izango dira museoan bertan, hilaren 12ra arte, eta, sarrerak sobratuz gero, aurkezpenaren egunean bertan ere eskainiko dira, Antzoki Zaharrean, leihatilako ohiko ordutegian.
Aurtengo Arkeologia Jardunaldiei dagokienez, bihar, otsailak 7, Jesus Tapia Aranzadi Zientzia Elkarteko historiaurreko arkeologoak Trikuharrien ibilbidea hitzaldian hartuko du parte. Telesforo Aranzadik eta Joxemiel Barandiaranek trikuharriak eta tumuluak induskatu zituzten Urola eta Deba arteko mendietan duela 100 urte. Mende bat geroago, gaur egungo arkeologoak metodologia berriekin itzultzen dira toki horietara, aurkikuntza berriak lortuz. Hitzaldi honetan egindako lanari buruzko liburua aurkeztuko da.
Hilaren 8an, berriz, Ana Maria Benito Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa izango da
Iturritxiki. Getariako badiako urpeko arkeologia hitzaldian. Duela 500 urte, Flandesko urka bat hondoratu zen Getariako badian, kobrezko lingoteen kargamentu baliotsuarekin. Afrika Subtropikalera zihoan. Kargamentua berreskuratzea izan da euskal kostaldean urpeko arkeologiaren proiektu garrantzitsuenetako bat. Abentura arkeologiko hau Ana Benito arkeologoak kontatuko du eta Iturritxiki dibulgazio-liburua aurkeztuko da.
Otsailaren 9an La costurera que encontró un tesoro cuando fue a hacer pis hitzaldiaren txanda izango da, Vicente Olaya, kazetari eta idazlearen eskutik. Izenburu iradokitzaile eta ironiko horren ondoren, modu atsegin eta nobelatuan aurkeztuko dira gure inguruko arkeologia hurbileko aurkikuntza eta abenturarik handienetako batzuk.
Otsailaren 10ean. Irulegiko eskua: K. a. I. mendeko testigantza epigrafikoa Arangurengo Ibarrean hitzaldia eskainiko dute Mattin Aiestaran indusketen zuzendariak (Euskal Herriko Unibertsitatea, Aranzadi Zientzia Elkartea), Javier Velaza latindar filologian katedradunak eta Joaquin Gorrotxategi hizkuntzalaritza indoeuroparreko katedradunak (Euskal Herriko Unibertsitatea).
Antolatzaileek azaldu dutenez, “topaketa honetan aurkikuntza epigrafiko paregabe baten testigantza aurkeztuko da, bere epigrafiako ikertzaileek eta aztarnategiko zuzendariak azalduta. Aurkikuntza hau mugarria izan da baskoien hizkuntza eta sinesmenei buruzko ikerketan. Arangurengo Irulegiko mendia 2007. urtetik ari da ikertzen Aranzadi Zientzia Elkartea”.
Hitzaldi guztiak streaming bidez ikusi ahal izango dira San Telmo Museoko Youtubeko kanaletik.