Argazkia: Antolatzaileak Elisa Gallego eta Antonio Guerra sortzaileekin
Erakusketak, tailerrak eta hainbat ekimen bildu ditu aurten Argi Festibalak. Bihar, apirilak 5, emango diote hasiera eta maiatzaren 19ra arte luzatuko da Oñatin eta baita Arantzazuko Gandiaga Topagunean ere.
Jaialdi honetan, argazkigintza garaikidearen sorkuntza eta zabalkundea sustatzea dute helburu eta, era berean, ikusizko kulturatik pentsamendu kritikoa indartu nahi dute.
Oñatin jaio zen festibala eta bi urtean behin antolatzen dute, aurten laugarren edizioa du. Jaialdiaren asmoa argazkilaritza Oñatira eta Euskal Herri osora hurbiltzea da eta baita nazioartean kokatzea ere.
Antolatzaileek azaldu dutenez, urtetik urtera jaialdiko programazioa hazi egin da eta edizio honetan bi berrikuntza handi iragarri dituzte; Batetik, Gabriela Zendoia Bergaretxeren argazki-bildumaren zati bat dakar jaialdiak, eta, bestetik, Arantzazun egindako egoitza artistikoa.
Arantzazuko egoitza artistikoa izan da, hain zuzen ere, Argi Arantzazuko berritasun nagusia. Elisa Gallego eta Antonio Guerra sortzaileak argazkilaritzaren bidez elkarrizketan jardun dira bi astez, Arantzazun bertan eta horretarako, Jon Cazenave argazkilaria eta erakusketako komisarioa lagun izan dute. Sormen prozesu horren emaitza apirilaren 12an, Gandiaga Topagunean, irekiko duten erakusketa bat izango da.
Egitaraua hemen.