(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

Argentina, Txile eta Uruguaiko euskal diasporako hamaika lagun euskara ikasten ari dira Lazkaon

Bi hilabeteko egonaldia egingo dute Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren eskutik.

Argentina, Txile eta Uruguaiko euskal diasporako hamaika lagunek euskara maila hobetzeko bi hilabeteko egonaldia egingo dute Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren eskutik.

Taldea 2013an hasi zen zerotik euskara ikasten eta, orain, lehen aldiz testuinguru euskaldunean murgilduta egingo duten ikastaro trinkoa amaitu ondoren, euskara irakasle arituko dira nor bere hiriko euskal etxean. Buenos Aires, Mendoza, Necochea, San Nicolas, Tres Arroyos, Villa Marian, Argentinatik etorritakoen kasuan, eta Santiago eta Montevideon, Txile eta Uruguatik etorritakoak.

Euskal Herrian egonaldia egingo dutenak hamaika diren arren, denetara hogei pertsonek osatzen dute taldea. Ibilbidea duela zortzi urte hasi zen, eta ordutik hona, online prestakuntza eta aurrez-aurrekoa tartekatu dituzte. Ikasleek urtero 36 saio burutu dituzte, beren kabuz, HABEren Ikasten online plataformaren bidez. Halaber, urtero aurrez-aurreko bi barnetegitan hartu dute parte Argentinan, bakoitza 52 ordukoa. Orotara, 1200 eta 1600 ordu artean eskaini dizkiote euskara ikasteari eta, 2019an Buenos Airesen, euskara maila egiaztatzeko frogak egin eta gero B1 eta B2 mailak eskuratu dituzte.

Egitasmoaren helburua da Lazkaon abiatutako egonaldian euskalduntze maila hobeago bat lortzea: B2 dutenek C1a egitea; eta B1 dutenek B2a. Ikasleek Maizpideko programa jarraituko dute eta bertako ikasleekin nahastuko dira taldeetan. Hasiera batean asmoa familia euskaldunetan kokatzea bazen ere, bizi dugun pandemia egoera dela eta, Maizpide barnetegian hartuko dute ostatu, osasun neurri guztiak bermatuta.

Zabaldu: