'Reflections' Gheda (argazkia: Donostia Kultura)

Argiartean urriaren 6an eta 7an itzuliko da Donostiara

Light-art instalazioak, proiekzio monumentalak eta zuzeneko emanaldiak izango dira Oroimenaren Lorategian eta Iesuren elizan. Loiola Erriberako erakustaldi esperimentala gauez izango da ostiralean eta larunbatean, 20:00etatik aurrera.

Urriaren 6 eta 8ko gauetan, light-art instalazioak, proiekzio monumentalak eta zuzeneko emanaldiak izango dira Donostiako Memoriaren Lorategiaren inguruan eta Iesuren Elizaren barnean. Antolatzaileen esanetan, “aukera paregabea izango da hiriko espazio horiek berraurkitzeko, esperientzia artistiko errepikaezin baten bidez”. Izan ere, bi egun hauetan eskainiko diren ia lan guztiak jaiegunerako propio sortutako lanak dira, edo argitaratu gabeko kolaborazioen emaitza.

2019an Olatu Talka jaialdiaren baitan egindako lehen esperientzia piloto baten ostean, eta pandemia tarteko, Argi Artean Jaialdi independentearen lehen edizioa iaz antolatu zen. “Bere generoan bakarra den jaialdia da, sorkuntzaren aldeko apustu garbia egiten duena, txunditzeko eta ohiz kanpoko esperientziak eta bizipenak eskaintzeko gaitasuna duena”, azaldu dute.

Egitarauari dagokionez, jaialdia ostiral eta larunbatean egingo da arratsaldeko 20:00etatik gauerdira arte eta Loiolako Erriberako Memoriaren Lorategia eta Rafael Moneo arkitektoak diseinatutako Iesuren Elizaren barrualdea libreki bisitatu ahal izango dira. “Bisitariek parkean eta elizaren barrualdean banatutako hainbat instalazioez, tenpluaren fatxadan aurkeztutako proiekzio monumentalez eta zuzeneko musika eta formatu handiko proiekzioak nahastuko dituzten emanaldiez gozatu ahal izango dute”.

Arte-lanak eta sortzaileak

Argiarteanen ikusi ahal izango diren instalazio eta emanaldien komisariotza, beste behin ere, Edorta Subijana sortzaile eta arkitekto donostiarraren ardura izan da. Zeregin honetan Xabier Lozano argiztatzaile beteranoarekin elkarlanean aritu da aurtengo edizioan.

Komisariotza lan hau hiru ardatzen inguruan egituratzen da: Argiaren eta ikus-entzunezkoen esparruan ibilbide sendoak dituzten artisten lana hurbiltzeko eta sakontzeko aukera ematea, eta tokiko eszenako ahots gazteagoekin lotzea; hizkuntza garaikidearen eta testuinguru fisikoaren arteko elkarrizketa-aukerak aztertzea; eta, azkenik, sortzaileen eta publikoaren arteko distantziak murriztea, ohiko formatuetatik aldentzen diren proposamenen bidez.

Beste proiektu eta kultur ekimenekin elkarlana

Jaialdiaren helburu nagusietako bat “gure inguruneko kultur ehuna indartzea da, edizio bakoitzean hainbat kultur eragileri edota dinamizatzaileei lekua emanez. Iazko edizioan, esaterako. helburu hori Animadeba nazioarteko animazio-jaialdiarekin lankidetzan gauzatu zen, eta aurten, berriz, Distopía mutanteren laguntza ezinbestekoa izan da, Laponite XLG (performance) eta Sabiwa + Nathan L proposamenak gerturatzeko”.

Denera zortzi zuzeneko emanaldi izango dira:

Zuzeneko emanaldiak

Ostirala, urriak 6, 20:00etan JAIME DE LOS RIOS + ALVARO TURRION, 21:00etan MAGIA BRUTA, 22:15ean INSTRÜMENTAL (JAVI P3Z + IBON ERRAZKIN) eta 23:00etan DISTOPÍA MUTANTE: LAPONITE XLG y SABIWA+ NATHAN L.

Larunbata, urriak 7, 20:00etan LUMI + NAGORE LEGARRETA, 21:15ean TMATNB+DESILENCE, 22:30ean ZABALA eta 23:30ean PABLO CASARES.

Arte-lanak eta egileak

Iesu elizan:

REFLECTIONS – GHEADA
FITA LUX – JUAN AIZPITARTE
KROMA – ARGIARTEAN LABORATEGIA
SALA DE SALAS – SYNERGYS + ZINE- LAB

Orimenaren Lorategian:

BEGIEKIN PIZTEKO HITZAK- FERNANDO BERNUES + HARKAITZ CANO
UPCYCLE – JULIO GARCIA
WAVES – DAVID ALKORTA
FRAME BY FRAME – JAIME DE LOS RIOS
OBJETO ESPECULAR – CARLOS SOLANO
LAMPYRIDAE – DIEGO SOLOGUREN

Zabaldu: