Proiektua Emakumeok Mugimenduan programaren parte da, lehen fase batean apirila eta uztaila bitartean garatuko da Donostiako Kiroletxean, eta doakoa izango da parte hartu nahi duten emakume guztientzat.
Armonia taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuaren laguntzarekin, Mugarik gabeko ongizaterako bidea aurkeztu du, emakumeei zuzendutako ongizate integraleko doako programa. Apirila eta uztaila bitartean izango da Donostiako Kiroletxeko areto nagusian, Anoeta Estadioaren behealdean.
Goizane Alvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak azpimarratu duenez, “ongizateaz hitz egitea berdintasunaz, osasunaz, autonomiaz eta komunitateaz hitz egitea ere bada, eta horixe da, hain zuzen ere, Emakumeok Mugimenduan programaren bidez bultzatu nahi duguna: emakumeei eguneroko bizitzan lagunduko dieten eta hobeto bizitzeko tresnak eskainiko dizkieten ekimenak”.
Programak ongizatea ikuspegi holistiko batetik sustatzeko helburua du, emakumeen bizitzako funtsezko hainbat arlo jorratuz. Programak garapen emozionalean, fisikoan, sozialean, intelektualean, ingurumenekoan eta finantzarioan oinarritutako saioak eta jarduerak biltzen ditu. Parte-hartzaileei hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesu batean laguntzea du helburu, ohitura osasungarriak, autoezagutza eta ingurunearekiko lotura sustatuz.
Parte-hartzea guztiz doakoa da, eta lekuak eskuragarri egongo dira aurreikusitako kopurua bete arte. Interesdunek informazio gehiago lor dezakete Instagrameko profilaren bidez: @somos_armonia.es
Armonia
Duela bi urte, lau emakumeren eskutik jaiotako proiektua da Armonia, ongizate integral, kontziente eta irisgarri baterako bidean beste emakume batzuei laguntzeko helburuarekin. Ikuspegi global batetik, ongizateari bere dimentsio guztietan —emozionalean, fisikoan eta sozialean— heltzen dioten espazioak bultzatzen ditu, autozainketa, autoezagutza eta komunitatearen sorrera sustatuz. Ekimen puntualetatik haratago, Armonia lurraldean benetako eragina sortzeko bokazioarekin ari da lanean, emakumeen bizi-kalitatea egunerokotasunean hobetzen lagunduko duten tresna praktikoak hurbilduz.