Azaroaren 15era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik. Antzezlana 2022ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko da, eta antolatzaileek beste hamar emanaldi gutxienez lotuko dituzte.
UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu dute, Arnasa gara kanpainaren baitan. “Euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzea izango da bekaren helburua”, azaldu dute.
Guztira 23.000 euro jasoko ditu irabazleak, eta antzezlana sortzeko Azpeitiko Dinamoa sormen gunea erabiltzeko aukera izango du taldeak. Antzezlana, berriz, 2022ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko dute, eta bekaren antolatzaileek gutxienez beste hamar emanaldi ere lotuko dituzte, taldearen katxea aintzat hartuta eta herri txikietara moldatuta. “Antzezlana antzokietarako zein areto txikiagoetarako moldatzeko modukoa izatea oinarrietan eskatzen den ezaugarrietako bat da, euskararen arnasguneak diren herri asko txikiak direlako eta antzokirik ez dutelako”, zehaztu du antolakuntzak.
Edozein antzerki taldek izango du bere proposamena deialdira aurkezteko aukera, oinarrietan zehaztutakoa onartuz gero. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 15ean amaituko da, eta deialdira aurkeztutako lanak aztertu ondoren, epaimahaiak bekaren irabazlea zein den jakinaraziko du abenduaren 3an.
Antzezlana ahalik eta herri gehienetara zabaltzea
Oinarrietan gutxienez hamar emanaldi zehazten badira ere, antolatzaileen asmoa antzezlana ahalik eta herri gehienetara zabaltzea da, beti ere baldintzak eta egutegia antzerki taldearekin adostuta, haren gaitasunaren eta agendaren arabera.
Oinarriak, hemen.