Informazioa: Arabako Bertsozale Elkartea
Legution izan da asteburu honetan Arabako Eskolarteko bertsolari txapelketako finala Bertsoa Bizi Gazte Egunaren baitan. Ikastolen Elkarteak eta Arabako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen duten ekimenak 14 urtetik 18 urtera bitarteko Arabar bertsozaleak batu nahi izan ditu hirugarren urtez.
Antolatzaileen arabera, lehiaketara aurkeztutako zazpi bideoklipak proiektatu eta ikusleek txalo zaparrada eta giro ederrean jaso zituzten larunbatean azken hilabeteetan egindako lanak. Ondoren, oholtza gainean sei gazte, Aramaioko bertso-eskolako Danel Herrarte, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi, Gasteizko bertso-eskolako Aroa Arrizubieta eta Eli Zaldua, eta Lautadako bertso-eskolako Beñat Cano.
Peru Abarrategi eskolarteko txapeldun ohiak gidatu zuen saioa. Agur bana kantatu ostean, binaka ofiziotan aritu ziren zortziko nagusian zein txikian, bakarka lau oinak, puntu bati erantzun eta gai bati buruzko bertso bat kantatu behar izan zituzten. Antolatzaileek arabera, “esperientzia eta freskotasuna batu ziren oholtza gainean entzuleen gozagarri”.
“Hasi berriak izan arren maila dotorea erakutsi zuten Danel Herrartek eta Eli Zalduak, bertso batzuetan goia joz. Txalo zaparrada handiak jaso zituzten”.
Lan txukuna egin zuten halaber, Beñat Cano Aguraindarrak eta Aramaioko Martin Abarrategik. “Patxadaz kantatuz eta pintzelada umoretsuak utziz”.
Aroa Arrizubietak esperientzia, gogoa eta txispa ekarri zituen, eta Gasteizera bueltan eraman zuen garaipena hirugarrenez, bere eskolarteko azken urtean. Bigarren postua iazko txapeldun Aitor Ugartek eskuratu zuen eta hurrengo urtean gogotsu bueltatuko dela argi utzi zuen.
Arabako bertso-eskoletako irakasleen eskutik eskuratu zuten saria “gazteek urte osoan zehar egin den transmisio lana borobiltzen ari dela irudikatuz”. Arrizubietak eta Ugartek, azken urteetako lana eta Arabako nagusien txapelketan kantatzeak eman dien esperientziak babestuta, “ederto ordezkatuko dute Araba ekainaren 8an Saran burutuko den Euskal Herriko Eskolarteko txapelketako finalean”.
Honenbestez, Arabako 2019ko Eskolarteko bertso txapelketako sei finalistek eta bideoklip lehiaketako talde sarituek, asteburu bateko egonaldia izango dute opari Eulaten (Nafarroan) irailaren 6, 7 eta 8an.