Arrano Pertxa eta Lengu Iluna taldeak ‘Orain ala inoiz ez’ kantaren bideoklipa aurkeztu du

Taldeak Maitasunaren Bilduma kaleratu zuen iazko abenduan.   

Arrano Pertxa rap abeslaria eta Lengu Iluna ekoizlea elkarrekin dabiltza 2017 urteaz geroztik euskarazko rap proiektu honetan. Taupaka elkarteak adierazi duenez, “letra erasokorrekin eta Europako hizkuntzarik zaharrenarekin, sekula entzun ez diren gaietan datza bikote honen originaltasuna”. Hori guztia Lengu Ilunak konposatutako musikarekin nahastuta, izan ere, G-Folk izenarekin bataiatu duten soinu propioa garatu dute, rap klasikoa eta euskal folklorea uztartuz.

Iazko abenduan, Maitasunaren Bilduma aurkeztu zuen Bilboko bikoak. Diskoa osatzen duten hamabi kantetan “gaiak pertsonalagoak” dira eta “soinu garbiagoak eta lasaiagoak” jorratu dituzte lan honetan, euren nortasuna baztertu gabe, “aurreko bi lanen garapenaren ondorio argia bilakatu da azken lan hau”.

Hala, azken lana gorabehera emozionalen istorioa da. Arrano Pertxak bizitzako kontu garrantzitsuez eta kontraesanez gogoeta egin nahi izan du. Bide horretan maitasuna modu organikoan azaleratzen da, eta familiari, ingurukoei, musikari eta jakintzari dien maitasunean islatzen da.

Gaur aurkeztu berri duten Orain ala inoiz ez kantaren bideoklipean funk estiloa da nagusi. Pieza berri honetan, “Arrano Pertxa eta Lengu Iluna banda formatua agertzen da, daukaten nortasuna agerian utziz”, azaldu du elkarteak. Luigi Crocanti bateria jotzaileak, Lengu Iluna baxu jotzaileak, Imanol Low gitarra jotzaileak eta Arrano Pertxa abeslariak osatzen dute taldea. Monoplaza ikus-entzunezkoak arduratu da bideoaren edizioaz eta grabazioaz.

Zabaldu: