Orotara 18 konpainiak hartuko dute parte programan eta horiek 25 emanaldi eskainiko dituzte ekainaren 11tik irailaren 10era bitartean.
Donostiako auzoetako plaza, kale eta parkeak antzerki emanaldiz beteko dira ekainaren 11tik irailaren 10era bitartean, Antzerkia Kalean ekimenaren bidez. Donostia Kulturako kideek antolatu dute programa eta azaldu dutenez, “aurten ere ikuskizuna, musika, umorea, zirkoa, jolasa, dantza eta kolorea ziurtatuta egongo dira”.
Orotara 18 konpainiak hartuko dute parte programan eta horiek 25 emanaldi eskainiko dituzte, denetara 21 antzezlan izango dira. Jaialdi hau, bestalde, hiriko auzo hauetara iritsiko da: Aiete, Altza, Amara, Antiguo, Bidebieta, Egia, Gros, Intxaurrondo, Igeldo, Loiola eta Martutene.
Urtero bezala, haur eta familiei zuzendutako proposamenak izango dira nagusi. Horretaz gain, ez da ahaztu behar ikusleak partehartzaile bihurtu nahi direla eta proposamenak hortik abiatuko direla. Besteak beste, honako talde hauek parte hartuko dute: Potxin eta Patxin, Sarini Zirko; Zirika Zirkus; Zirkozaurre; Tomaxen abenturak; Irrien Lagunak; Ameztu Produkzioak; Eidabe; Rouge Elea; Hortzmuga; Trotamundos; Rojo Telón; Circo Chosco; eta Gari, Montxo eta Joselontxo.
Helduentzako ekitaldiak ere badira egitarauan, horien artean daude Trapu Zaharra talde ezagunak eskainiko dituen emanaldiak. Euskaraz izango dira Turistreatzen Intxaurrondon eta “Mesede bat egitearren“ Igeldon eta Altzan. Azken honen gaztelerazko bertsioa Loiolan eta Egia auzoetan izango da.
Dantzak ere badu parada programazioan. Hala, Dantzaz konpainiaren Basoa eta Chei Jurado & Akira Yoshida bikotearen Hito ikuskizunak eskainiko dituzte Egian.
Emanaldiez lasai gozatu ahal izateko unean uneko osasun neurriak beteko direla jakinarazi du antolakuntzak.
Emanaldien mapa: https://labur.eus/C1XSf
Egitaraua, hemen.