(argazkia: Gerediaga Elkartea)

Arte eszenikoetako proiektu bat sarituko da Durangoko Azokaren 5. Sormen Bekan

Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik. Aurtengo Durangoko Azokaren baitan ezagutzera emango dute irabazlea.

Euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera emateko asmoz, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak martxan jarri dute bosgarren urtez Sormen Beka Da.

Bosgarren edizio honetan arte eszenikoen arloko pieza laburreko proiektu proposamen bat sarituko da. Beraz, antzerki, zirko, dantza, performance, magia … disziplinetako proiektuak edo beste kultura diziplina batekin uztartutako proiektuak aintzat hartuko dira deialdian. Antolakuntzak zehaztu duenez, “sortzaile berriaren definiziorako, aurkezten duen proiektua zirkuitu profesionalean bere lehen edo bigarren lana izatea hartuko da kontuan”.

Durangoko Azokako Szenatokia guneak 2019ko edizioan, euskarazko arte eszenikoen pieza laburren egitaraua eskaini zuen. Hurrengo edizioetan formatua errepikatzea izan zen asmoa, baina pandemia egoerara egokitu beharrak ez zuen egingarri egin. Sarituko den proposamena, 2023an, Szenatokiko eskaintza nagusia izatea da deialdi berriaren helburua.

Aurreko lau edizioetan, literatura, musika, ikus-entzunezko eta proiektu digitalak saritu dira. Honako hauek: ATOPIArpg euskarazko rol jokoa, Kai Nakai abeslariaren lehen lana, Bañolet lau ataletako telesaila eta Barraka bideo-jokoa (57. Durangoko Azokan estreinatuko da).

Bekaren saria 15.000 eurokoa izango da proiektua aurrera atera ahal izateko.

Proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa izango dira irabazlea aukeratzeko kontutan hartuko diren irizpideak.

Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik eta epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu. Hauek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da. Lan irabazlearen berri 57. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da. Urtebeteko epea izango du irabazleak lana burutu eta 2023ko Durangoko Azokan (58. DA) aurkezteko.

Oinarriak, informazio gehigarria eta formularioak honako esteka honetan eskuragarri izango dira: www.duragokoazoka.eus.

Zabaldu: