Ximun Fuchsek eta Harkaitz Canok idatzi dute Nor naizen baneki obra. Taula gainean, Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga aktoreak ikusiko ditugu.
Artedrama eta Axut! antzerki taldeek Nor naizen baneki izeneko antzezlana estreinatuko dute datorren urriaren 17an, Luhusoko Harri Xuri aretoan. Harkaitz Cano idazleak eta Ximun Fuchs antzerkigileak idatzi dute obra eta nortasunaren bilaketa du ardatz. “Badago jendea norbere nortasunaren osin beltz horretara begiratu zalea,
eta badago jendea nahiago duena gehiegi ez jakin. Nortasunaren inguruko obra bat da, indusketatxo bat, ikerketatxo bat, norbere nortasunari buruzkoa”, adierazi du Canok Donostia Kulturak egin dion elkarrizketan.
Fuchsek azaldu duenez, antzezlana indusketa batekin abiatzea pentsatu zuten eta antzokia objektu bezala tratatzea, “indusketa batekin publikoa arkeologo baten paperean jarri nahi izan dugu”.
Hala, antzezlanak antzoki baten indusketa arkeologiko bat kontatzen du. Arkeologoek eta adituek antzokiaren historia sekretua aztertuko dute, geruzaz geruza, erromatarren garaitik gaur egunera arte. Bi mila urtetan metatu diren gudu ezagunak, gai ez hain ezagunak eta trauma lurperatuak argitara emanez, ikuslea Inkisizioaren, Frantziako Iraultzaren, Karlistaden eta 1936ko gerlaren ikuspegietan murgilduko da, familia, jabetza, mugak, herentzia genetikoa eta indarkeria koloniala bezalako gaiak jorratzeko. Baina, ez da lurra bakarrik esploratuko: pertsonaiak ere barne-bilaketa baten xede izango dira, gauzatu beharreko erabaki garrantzitsuen eta beren kontraesanen artean harrapatuta. “Inor ez da indusketa honetatik sartu bezala aterako: lurpean bezala, norbere baitan bila hasten garenean ere prest egon behar baitugu ezusteko desatseginak topatzeko”, adierazi du lantaldeak.
Kantuak paper garrantzitsua beteko du sorkuntza honetan, kantua baita adierazpen tragikoaren mamia bera. Kantuak bizitasuna ematen die pertsonaien emozioei, haien irudikapen naturalistarik inposatu gabe. Baina kantuak istorioan askatasun handiz aurrera egiteko aukera ere ematen digu, pertsonaiak denboran eta espazioan lekualdatuz nahi bezainbat.
Familia herriaren metafora gisa
Antzezlan honetan familia istorioak kontatzen dira, “familia herriaren edo populuaren metafora bat da. Pixka bat hortik joan gara, eta familia istorioak oso sinpleak dira”, nabarmendu du Fuchsek.
Fuchs bera aritu da zuzendari lanetan eta taula gainean Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga aktoreak ikusiko ditugu.
Agirre, esaterako, pertsonaia bat baino gehiagoren azalean sartuko da: “bi pertsonaia dauzkat, bi familia, bat kanpokoa eta bestea bertakoa. Ni bertako familia horretako aita izango naiz, eta bestea antzokiko teknikaria”.
Aline Etxeberri ere pertsonaia batetik bestera ibiliko dela adierazi du: alaba eta arkeologoa.
Ikuspegi teatrala
Cano eta Fuchs duela hiru urte hasi ziren antzezlana idazten. “Ximunekin lau eskutara lan egitea plazer handia da. Berak badu nik ez daukadan ikuspegi teatral bat. Nire txoko ilunetik asko gustatzen zait ikustea bere funtzionatzeko modua. Idazketa ere joan-etorri askoko pin-pon partida bat izan da, aldaketa asko eragin dituena. Hori ere gustatu zait. Ze autore bezala nor naizen baneki… horren atzetik nabil ni ere”, adierazi du idazleak.