“Posible al da gurea ez den lur batean sustraitzea? Posible, familia eta aberriaren zama gainean dugula, hegaldi propioari ekitea? Eta, gau batean, gure bizitzaren norabidea erabaki beharko bagenu? Esaera zaharrak dioen bezala: Atzerrian lurra garratz, hoña ibini egik baratz”.
Bi urte luzez ezkutuan egindako lan mardularen ostean, Artedrama Arte Eszenikoen plataforma Atzerrian lurra garratz izeneko antzezlanarekin igoko da berriro ere oholtzara. Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean, Ander Lipus eta Laura Penagos ikusiko ditugu taula gainean.
Aurora Mora da obra honen protagonista, bere instalazio artistikoari azken ikutuak ematen ari da, bere bizitza betiko aldatuko duen deia jasotzen duenean. Lantaldearen arabera, Aurorari “izerdi eta neke asko kostatu zaio hona heltzea. Izan ere, Aurora ez da euskal herritarra, ezta europarra ere. Berak bakarrik daki zenbat mespretxu jasan dituen. Zenbat kostatu zaion harrizko lur honetan sustraitzea, baina Hermann Hessek zioen bezala: biguna, gogorra baino ahaltsuagoa da. Ura haitza baino gogorragoa. Maitasuna, biolentzia baino indartsuagoa”.
Protagonistak bere ama-lur Kolonbiari buruzko erakusketa bat aurkeztuko digu munduaren beste aldean. Duela bostehun urte hara joan zirenei Kolonbia zer zen, zer den eta zer izan nahi duen azalduko die amona Nayelik erakutsitako hitzekin.
“Posible al da gurea ez den lur batean sustraitzea? Posible, familia eta aberriaren zama gainean dugula, hegaldi propioari ekitea? Eta, gau batean, gure bizitzaren norabidea erabaki beharko bagenu? Esaera zaharrak dioen bezala: Atzerrian lurra garratz, hoña ibini egik baratz”.
Aurorak otsailaren 12an estreinatuko du bere “instalazioa” Oñatiko Santa Ana Antzokian, arratsaldeko 19:00etan. Ondoren, herriz herri erakutsiko du bere lana: Andoainen, Markina-Xemeinen, Donostian eta Bilbon, besteak beste.