‘Artistak Egoitzan’ programa martxan da Bilbon

BilboEszenak hiru arte proiektu aukeratuko ditu. Horien helburu nagusiak proposamen eszenikoak sortzea, ikertzea eta zabaltzea izango da.

Bilboko Udalak Artistak Egoitzan programaren 2020ko deialdia ireki du, Bilbo Eszena, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren bitartez. Duela hamabi urte jarri zuten martxan ekimena, hirian arte eszenikoen ikerketa eta berrikuntza sustatzeko eta bultzatzeko xedez.

Deialdian parte hartu nahi duten euskal konpainiek edo artistek martxoaren 8ra arte izango dute euren sorkuntza proposamenak aurkezteko aukera. Horretarako, www.badbilbao.eus webgunean dagoen inprimakia bete beharko da eta antolatzaileek argitu dutenez, “ez da onartuko posta elektronikoz, ohiko postaz edo bertara hurbilduz aurkezten den proposamenik”.

Ondoren, BilboEszenak hiru arte proiektu aukeratuko ditu. Lan horien helburu nagusiak proposamen eszenikoak sortzea, ikertzea eta zabaltzea izango da. Egoitzetako bat euskarazko proiektu onenarentzat izango da eta besteak Euskal Herriko konpainien eta artisten proiektuentzat edozein hizkuntzatan.

Artistak Egoitzan programarekin helburu bi lortu nahi dira: “batetik, arte eszenikoen esparruko arte sorkuntza sustatzea, eta, bestetik, garapen eta ikerketa-prozesuak bultzatzea, batez ere, dramaturgia berriak ardatz nagusia izanik. Halaber, hirugarren helburua ere aipatu behar da, sorkuntzako talentua aurkitzera eta erakartzera bideratutakoa, ekoizpen garapen prozesurako sarrera erraztuz”.

18 urtetik gorako Euskal Herriko artistek, bakarka edo taldean aurkez ditzakete proiektuak, arte eszeniko garaikidearen sorkuntza edo ikerketako lan prozesuetan BilbaoEszenarekin parte hartu nahi badute.

Egoitza bakoitzak gehienez 25 eguneko iraupena izango du BilboEszenaren lokaletan eta baita hiriko beste eszena gune batzuetan ere. Azaldu dutenez, uztailean, abuztuan, irailean eta urrian egingo dituzte. Proiektu bakoitzerako diru-kopurua 4.000 eurokoa izango da. Horrez gain, aukeratutakoek, euren sorkuntza prozesuak ikus-entzuleen edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikideko Jaialdian edota BAD-en, besteak beste.

Zabaldu: