(argazkia: Tabakalera)

Artistei zuzendutako ikasketa-programa sortu dute Tabakalerak eta Artiumek

Izena emateko epea zabalik egongo da 2020ko martxoaren 31ra arte.

Gasteizko Artium Museoak eta Donostiako Tabakalera Zentroak, indarrak batu eta akordio bat sinatu dute Jarduera Artistikoen Institutua (Jai) sortzeko. Artistei zuzendutako ikasketa-programa da, eta datorren udan irekiko ditu ateak. Praktika artistikoa izango da programaren muina, eta ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko ditu.

Institutua ekimen berritzaile gisa sortu da, baina, aldi berean, Euskal Herriari lotutako testuinguru artistikoan errotuta. Arte garaikidean ezagutza transmititzeko tradizio berezia aitortzen dute bi erakundeek, eta etengabeko elkarrizketan oinarritutako programa pedagogiko eta esperimentala garatzeko asmoa dute.

Institutuak ekainean irekiko ditu ateak, eta, hiru hilabetez, udako eskola baten moduan funtzionatuko du, baita truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune gisa ere. Prestakuntza Tabakalerako Sortzaileen Gunean izango da, ekainaren 1etik abuztuaren 30era bitartean, eta, gainera, abuztu amaieran fase publiko bat garatuko da Artiumen, non ikasketa programan parte hartzen dutenen lan prozesuak edota proiektuak aurkeztuko diren.

Ikasketa-programa eremu instituzionalean sortzen diren harreman profesionalak ezagutzaren ekoizpenera eta transmisiora hedatzeko asmotik sortu zen, inguruko artisten eta nazioartean dabiltzan beste batzuen arteko topagune bat eraikitzeko helburuarekin.
Tutoretza profesionalak

Irakasleen taldea gaur egun bi erakundeen erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen duten eragile profesionalek osatuko dute. Tabakalerak eta Artiumek jatorri oso ezberdineko ahots profesionalei dei egin diete, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko duen potentziala identifikatu eta haien lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko gai direnak.

Proposatutako mekanika artista gonbidatu bakoitzak bere sormen prozesuen ikuspegi berezia eskaini dezan diseinatuta dago. Horrek programaren metodologia tailerraren espazioan ehuntzen diren harremanen ondoan kokatzen du, une eta egoera bakoitzean garatzen diren praktika zehatzetan, eta ez prozedura teoriko batean. Metodologia hori praktikara eramango da ariketen, tailerren edo ad hoc proposatutako beste topaketa batzuen bidez.

Ibon Aranberri (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKHko irakaslea, Stockholmeko Royal Institute of Art) eta Itziar Okariz (artista) izango dira institutu berriaren tutoreak, eta irakasle lanetan Katinka Bock, June Crespo, Moyra Davey, Jon Mikel Euba, Kobe Matthys-Agency, Lily Reynaud Dewar, Camila Sposati eta beste batzuk arituko dira. Horrez gain, Institutuak ikerketa batzorde bat izango du, Beatriz Herraez (Artiumeko zuzendaria), Oier Etxeberria (Donostiako CICC Tabakalerako Arte Garaikideko arduraduna) eta aipatutako hiru tutoreek osatua. Batzordekideak izango dira artista eskola osatuko duten 16 partaideen aukeraketa egingo dutenak.

Deialdia

Interesa duten artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago. Izena emateko epea zabalik egongo da 2020ko martxoaren 31ra arte. Parte hartzeko, hautagaiek galdetegi honen bidez eman beharko dute izena, eta curriculum vitaea, biografia, motibazio gutun bat eta aurreko lanen dosier digital bat (irudiekin) erantsi beharko dituzte bertan.

Deialdiaren ebazpena 2020ko apirilaren 10ean jakinaraziko da.

Zabaldu: