2020ko apirilaren 19ra arte egongo da erakusketa ikusteko aukera.
Elena Mendizabal (Donostia, 1960) artistaren obra haintzat hartuta, ibilbide luzea erakusketen du Gasteizko Artium Museoan ikusgai dagoen erakusketak, hain zuzen, 80 eta 90eko hamarkadetan ekoitzitako lanetan jartzen du fokua.
Mendizabalek eskultura erabili izan du bitarteko nagusi gisa bere lana garatu ahal izateko, baina noizean behin, argazkia, marrazkia eta collage-a ere erabili ditu, eta horietatik ere lan esanguratsuak daude ikusgai.
Erakusketak ia ehun artelan biltzen ditu Museoko aretoetan, eta baita gaur egun desagertuta dauden hainbat proiekturen dokumentuak eta argazkiak ere. Ikerketa horrek haren ibilbidean dauden alderdi eta interes batzuk eta besteak ezagutzeko aukera ematen du.
Erakusketa-proiektu hau Mendizabalek bere diskurtsoa eratu zuen urteetan barneratzen da, Euskal Herriko testuinguru sortzaileak ikusgarritasun handia izan zuen garai historiko baten berrirakurketa ahalbidetuz.
Kartoiarekin, plastilinarekin, lokatzarekin eta horien tankerako materialetan egindako formatu txikiko eskulturen konstelazio batek egiten dio harrera bisitariari. Eskultura horiek eskema afektibo eta kognitiboetara daramaten patroiak osatzen dituzte. Lan horien artean, plastilinaz egindako piezak, 2016tik 2017ra bitartekoak, Mendizabalen aurreko lanetan zeuden interesekin lotzen dira. Lan horietan, giza gorputzak, eta emakumeari buruzko erreferentziak, presentzia erabakigarria izan zuen. Gune berean, eraikuntza-kutsu indartsuak dituen kartoiz egindako pieza multzo bat proposatzen du artistak. Zeramika multzo batek eta bi dimentsioko hainbat obrak osatzen dute erakusketaren kapitulu hau.
Denboran jauzi bat eginda, ikonikoki edo metaforikoki Mendizabalen proposamenak eskulturaren tradizio minimalista eta konstruktiboa irudi figuratiboekin eta hainbat eremutatik datozen erreferentzia formalekin (diseinua edo arkitektura, esaterako) lotzen hasten diren uneari dagozkion beste lan eta sail batzuk erakusten ditu bildumak. Abstrakzioaren forma geometriko biluzietatik aldentzen dira lan horiek, eta izenburuetan Melena, Valla edo I. G. (Mueble vasco) objektuak aipatzen dituzte, besteak beste.
1989an, Bartzelonako La Caixa Fundazioaren Montcada Aretoan parte hartu zuen erakusketa batean, Alberto Oyarzabal eskultorearekin batera. Museoan proiektu horri eskainitako aretoen artean gune nagusi bat hartzen du erakusketa hartan aurkeztutako lan multzo esanguratsu batek. Pieza horietan, lorea darabil lehendabizi metalez eta ondoren zurez egindako eskultura-egitura abstraktuak garatzeko. Lan horiek, aldi berean, altzari edo idulkitzat ere har daitezke: Jardín, Jardín americano, edo Flor izeneko zenbait obra, 1988 eta 1989 artean eginak.
Hurrengo urteetan, bere ikerketa formalean, material tradizionalekin batera ezusteko elementuak erabiltzen hasi zen modu ausartean, hala nola paper margotua, formika edo argi elektrikoa. Osagai horiek eskulturaren esperientzia egunerokotasunera hurbiltzeko balio dute. Aldi horretakoak dira, orobat, artistak irudi zatikatuetan, mihiztatuetan eta, batzuetan, aurreko eskulturen erreprodukziotik datozen irudietan oinarrituta ekoizten dituen beste lan batzuk.
Erakusketako lan goiztiarrenek, 1982. eta 1984. urte bitartekoek, aldi horretan gertatzen ziren laneko testuinguruaren eta elkarrizketa gurutzatuen berri ematen dute, besteak beste, objektuaren analisi kontzeptual eta semiotikoarekin eta artistak gizartean duen eginkizunarekin lotutakoak. Pieza sorta horietan, unean uneko nazioarteko artearen diskurtsoen postulatu kontzeptual eta postminimalistak eta Euskal Herriko eskulturaren lengoaien herentzia alderatzen dira. Postmodernitatearekiko topaketa horretan, artistak corpus-lan bat definituko du, materialen kontrasteak eta diskurtsoaren koherentzia indartsuak baldintzatuta. XX. mendeko artearen historiaren ezagutza sakonak eta Euskal Herriko Arte Ederren Fakultatean eskultura-irakasle gisa, egindako lanak beti zeharkatzen dute ekoizpen hori.