'Arrebato' pelikularen fotograma (Ivan Zulueta, 1979)

Artium museoak ‘Ivan Zuluetaren asaldura’ erakusketa aurkeztu du

Erakusketa euskal zinemagileari eta bere lanari buruzko hurbilketa bat da, eta Zuluetak berak irudiaren inguruan esperimentatuz sortu zuen unibertsoa du aztergai.

Gasteizko Artium Museoak Ivan Zuluetaren asaldura erakusketa ireki du A1 eta A02 aretoetan, 2023ko martxoaren 5era arte. Euskal zinemagilearen film nagusiekin batera, Zuluetak diseinatzaile grafiko gisa egindako lanen adibide batzuk ere erakusten dira Xabier Arakistain komisario duen erakusketa honetan: filmetako kartelak, disko-azalak, argazkiak, argitalpenak, marrazkiak eta abar. Gainera, proiektu honen ikerketaren barruan, komisarioak hainbat pertsona elkarrizketatu ditu, funtsezkoak Zuluetaren praktikara eta unibertso sortzailera hurbiltzeko eta artistak irudiaren inguruan egin zuen etengabeko esperimentazio-lana hobeto ezagutzeko. Elkarrizketatuen artean badira, besteak beste, zinema-zuzendariak, musikariak, antzezleak, lagunak eta senideak, bai eta Arrebato filmeko jantzien eta makillajearen arduraduna ere.
Zulueta (Donostia, 1943-2009) obra zinematografiko sendo baten egilea izan zen, sendoa eta eragin handikoa ondorengo belaunaldietako errealizadore askorengan. New Yorken egonaldi labur bat egin ondoren, harremanetan jarri zen Nouvelle Vague delakoarekin eta Zinema Amerikar Berriarekin, 1964an Madrilera joan zen, Zinematografia Eskolan ikastera. Bere filmografia esperimentalagatik zirkuitu komertzialetatik at ibili zen beti, zinemaren historiako erreferentzia garrantzitsua izan zen eta da oraindik ere Zulueta. Haren ibilbideak 1980an jo zuen gaina, Arrebato filmaren estreinaldiarekin.

Artium Museoak Zuluetari orain eskaini nahi dion erakusketa, berriz, 70eko hamarkadako filmekin osatu da: 1969ko harako Un, dos, tres, al escondite inglés hartatik hasita 1979ko Arrebato filmeraino. Hain zuzen, zinemagile donostiarrak hamar urteko bitarte horretan egin zituen film laburretan zentratzen da bereziki erakusketa. Izan ere, film bilduma hura da Zuluetaren produkziorik ezezagunena, baina baita zinemagileak irudiaren hizkuntzaren inguruan egin zuen berrikuntza eta ikerketa estetikoko lan handia hobekien erakusten duena ere.

Zulueta marrazkilaria

Erakusketak, bestalde, espazio zabala eskaintzen dio Zuluetak marrazkilari gisa egin zuen lanari. Haren obra-sorta adierazgarri bat dago ikusgai, besteak beste New Yorkeko egonaldian (1964) egindako marrazkiak. Diseinatzaile grafiko gisa egin zuen lanak ere badauka bere lekua. Azken alor horri dagokionez, aipagarriak dira Zuluetak hainbat filmetarako egindako kartelak, hala nola, Furtivos (Jose Luis Borau, 1975), Camada negra eta El corazón del bosque (Manuel Gutierrez Aragon, 1977 eta 1978), Viridiana eta Simon del desierto (Juan Luis Buñuel, 1977ko eta 1978ko berrestreinaldirako), Laberinto de pasiones, Entre tinieblas eta Qué he hecho yo para merecer esto (Pedro Almodovar, 1982, 1983 eta 1984) filmetarako. Disko-azaletarako egindako diseinu batzuk ere badira ikusgai, hala nola Brakaman, La Orquesta Mondragon, Vainica Doble edo Negativo taldeentzat egindakoak.

Erakusketan bestelako dokumentu batzuk ere jarri dira ikusgai: argitalpenak, argazkiak, publizitate-gidak eta 1979an Zuluetak Euskadi Sioux fanzinerako marraztu zuen komikia, besteak beste.

Zabaldu: