Lana Velez de Mendizabalek Nestor Basterretxeari 2008an egin zion elkarrizketa batean dago oinarrituta. Antzezpen honekin museoak 2024ko urtarrilean artistaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiei amaiera emango die.
Gasteizko Artium Museoak Josune Velez de Mendizabal (Gasteiz, 1977) kazetari eta aktorearen Munstro baten etxean solasean obra performatiboa eskainiko du maiatzaren 6an, asteartea, 19:00etan.
Lanak elkarrizketa bat du abiapuntu: Velez de Mendizabalek Nestor Basterretxeari 2008an Hondarribiako Idurmendietako baserrian eginiko elkarrizketa, Gasteizko Geu Elkarteak 1992-2009 bitartean argitaratua.
Aktorearen hitzetan, “Basterretxearen mendeurrenak nire iraganeko une hori berreskuratzera bultzatu ninduen, elkarrizketaren grabazioa gordetzen nuen zinta zahar hura berreskuratzeak ekarriko zidanari aurre egiteko indarrak biltzera”. Eta, hala, elkarrizketatuak elkarrizketatzaileari eragin zion zirrara du ardatz lanak: “Basterretxea munstro bat zen, eskuekin ideiak eta ametsak (bereak eta unibertsalak) gorpuzteko gai zen munstro handi bat. Bizar zuri hori, ahots sakon hori… Etxeko ateak ireki zizkidanetik, ezin izan nion utzi zezelka mintzatzeari. Alferrikakoak izan ziren profesional itxura emateko egin nituen ahalegin guztiak. Elkarrizketa hura paperean argitaratu zenean, egokia, txukuna, zuzena izan zen tonua. Zintan jasotako grabazioa, ordea, beste giro baten lekuko da: isiluneak, nerbioak, amaitu gabeko galderak… Horrela geratu da erregistratuta, betiko dokumentatuta. Gordin, iragazkirik gabe. Eta zu, nola sartuko zinateke munstro baten etxean?”.
Velez de Mendizabalek iazko irailean aurkeztu zuen lehen aldiz Munstro baten etxean solasean, Gasteizko Baratza Aretoko Scratxe Gauan, pieza oraindik sortze-prozesuan zegoela. Lanak izan zuen harrera onak aurrera jarraitzera bultzatu zuen egilea, eta, azkenean, joan den martxoan estreinatu zuen Bilboko Loraldia jaialdian, Marina Suarez zuzendari artistikoa zuela.
Antzezpen honekin Gasteizko museoak 2024ko urtarrilean artistaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiei amaiera emango die. Sarrera librea eta doakoa izango da edukiera bete arte.