Erresonantziak saileko lehenak dira bi dokumental horiek, eta bi artisten ibilbideak jorratzen dituzte, lau hamarkadatik gorako haien ekoizpena eta bakoitzak arte garaikidearen eremuan egin duen ekarpena errepasatuz.
Gasteizko Artium Museoak Mari Puri Herrero (Bilbo, 1942) eta Esther Ferrer (Donostia, 1937) protagonista dituzten bi lan dokumental aurkeztuko ditu datorren ostegunean, martxoak 26, arratsaldeko 18:00etan. Lan horiek iaz museoak eta EITBk publiko berrien artean kultura garaikidearen dibulgazioan elkarlanean lan egiteko sinatu zuten lankidetza-hitzarmenaren esparruan ekoitzi dira.
Bi dokumental horiek Erresonantziak saileko lehenak dira, eta bi artisten ibilbideak jorratzen dituzte, lau hamarkadatik gorako haien ekoizpena eta bakoitzak arte garaikidearen eremuan egin duen ekarpena errepasatuz. Dokumentalen aurkezpena dela eta, museoak solasaldi bat antolatu du Herrero eta Ferrerrekin, Beatriz Herraez museoko zuzendariarekin eta Elena Roseras Artxibo eta Dokumentazio Zentroko arduradunarekin, artisten lan-prozesuetara eta dokumentu-pieza horien ekoizpenera hurbiltzeko.
Iazko udan iragarri zuten bezala, bi erakundeen arteko lankidetza-esparruaren helburua publiko berrien artean Euskal Herriko kultura garaikidea zabaltzen lagunduko duten kalitatezko ikus-entzunezko edukiak sortzea da. Orain aurkezten diren piezak museoaren eta EITBren profesionalek osatutako lantalde batek garatu ditu, eta Begira Produkzioak ekoiztetxeak ere bat egin du lantaldearekin. “Gutxi gorabehera ordubeteko iraupena duten bi dokumental dira, bi artisten ibilbideak eta azken hamarkadetan arte garaikidearen panoraman egindako ekarpena modu monografikoan aztertzen dituztenak”. Piezak Parisen, Madrilen eta Menagarain (Araba) filmatu dira, artisten estudioak dauden tokietan.