Marwa Arsanios (argazkia: Artium Museoa)

Artium Museoak Marwa Arsanios artistaren ‘Lurrak ez du jaberik izango’ bakarkako erakusketa zabalduko du ostiralean

Erakusketaren harira, hiru jarduera antolatu dituzte astebururako: artistaren eta Agustin Perez Rubio erakusketaren komisarioaren arteko topaketa, bertso-saio bat eta hitzaldi bat.

Gasteizko Artium Museoak Marwa Arsanios jatorri libanoarreko artistaren (Washington. KD, 1978) Lurrak ez du jaberik izango erakusketa aurkeztuko du ostiral honetan, azaroak 7, eta aurkezpen honen baitan, hainbat jarduera antolatu dituzte asteburuan zehar.

Ostiralean, arratsaldeko 18:00etan, esaterako, Marwa Arsanios artistaren eta Agustin Perez Rubio erakusketaren komisarioaren arteko topaketa hartuko du museoak. Solasaldi honetan, artista munduko hainbat geografiatan lurra banatzeko eta erauzteko politikei buruz egiten ari den ikerketa jarraitua errepasatuko dute, baita hainbat komunitatetan antolatzeko eta autodefentsarako ezagutu dituen moduak ere. Museoko Auditorioan egingo den jarduerarako sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Larunbatean, berriz, bertso-saio bat izango da museoan, Consonni argitaletxearekin elkarlanean antolatuta. Bertso-saioa Zirriborroak eta gero argitalpenean oinarrituta dago, besteak beste, Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Belen Gopegui eta Patxi Zubizarreta idazleen kontakizun laburrak biltzen dituen Consonniren bilduma. Etorkizun utopikoetan gauzatzen diren alternatiba sozial, kultural eta afektiboei buruz hausnartzen duten alegiak. Uxue Alberdi, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina bertsolariek saio bat eskainiko dute bi proiektuen kezka nagusiei buruz, eta Ainhoa Urien izango dute lagun, gai-jartzaile. Bertso-saioa Plaza Aretoan izango da 12:00etan eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Erakusketaren harira antolatutako jarduerei amaiera emateko, Arsaniosek hitzaldi bat emango du Donostian, Euskadiko Arkitektura Institutuan, Arkitekturako Mugak Biurtekoaren esparruan, larunbatean, arratsaldeko 19:00etan. Lurraren aldeko borrokak bere ikerketaren gai nagusia izanik, Arsaniosek bere ibilbidean zehar, Who is Afraid of Ideology? epe luzerako ikerketa-proiektuaren bidez, ezagutu dituen lurraren komunalizazio-estrategiak errepasatuko ditu hitzaldi honetan. Jarduera doakoa izango da eta beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea Biurtekoaren web orrian

Zabaldu:

Utzi erantzuna