Artium Museoak ostegunean emango dio hasiera udazkeneko erakusketen zikloari

Urriaren 8tik 12ra bitartean, Gasteizko museoa 11:00etatik 20:00etara zabalik egongo da eta sarrera doakoa izango da.

Gasteizko Artium museoak ostegunean, hilak 8, emango dio hasiera udazkeneko erakusketen zikloari Moyra Davey. Lanak erakusketaren irekierarekin. New Yorken bizi den artista kanadarrak Europako museo publiko batean egindako lehen erakusketa da. Daveyren lana argazkigintzaren, zinemaren eta idazketaren artean dabil, erresonantzia eta korrespondentzia kateak eraikiz, diziplina eremu bakar bati atxikitzea eragozten dutenak. Joan-etorri horiek ez dira diziplinen artean bakarrik sortzen, baita haren lanetan gainjartzen diren eta amaitu gabeko saiakuntza gisa funtzionatzen duten kontakizunen artean ere. Istorio horiek gainjarri eta eten egiten dira, artistak ozen irakurriz gauzatzen diren testuak oinarri hartuta, edo haren piezen protagonista diren pertsonaia errepikarien esku-hartzeetatik abiatuta. Biografiaren, historiaren eta literaturaren oihartzunak dituen aipu-bilduma gisa funtzionatzen duten lanak dira. Museoko erakusketan haren film garrantzitsuenetako batzuk aurkezten dira, azken ekoizpena den i confess (2019) barne.

Egun horretan bertan, 19:00etan, Ariketak baino gehiago, performanceak baino gutxiago saioa izango da Cecile Brousse eta Izaro Ieregiren eskutik.

Ostiralean, JAI proiektuari eskainitako gunearen aurkezpena eta irekiera egingo dira. Donostiako Tabakalera zentroan aurtengo udan garatutako ikasketa-programa da.

Bestalde, Lorategitik abiatuta ibilbide tematiko gidatuak egingo dira, Euskal Herrian iragan hurbileko eta gaur egungo artearen praktikaren hainbat alderdi ezagutzeko eta etorkizunari antzemateko aukera ematen dutenak. Gainera, bisita monografikoak egingo dira Daveyren eta Gema Intxaustiren erakusketetara.

Udazkeneko erakusketen zikloak, gainera, Juncal Ballestin artistaren obra zaharberritzeko, zabaltzeko eta erakusteko proiektu berri bat jarriko du abian. Artiumek erakusketa monografiko bat eskainiko dio 2021ean Ballestini, eta bertan, haren ondareko artelanak eta bestelako objektuak erakutsiko dira.

Gasteizko museoak June Crespo. Helmets erakusketa irekiko du abenduaren 4an, haren ibilbideko hainbat momentutako lanak eta proiekturako berariaz ekoitzitako beste lan sail batzuk bilduko dituena.

Azkenik, abenduaren 18an, Museoak Komisario berriak 2020 deialdian aukeratutako Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan erakusketa irekiko du. Proiektu hau Gasteizko Musika Bideo Jaialdiaren pultsioetan barneratzen da 80eko hamarkadaren bigarren erdialdean.

Zabaldu: