Dantzariek lantegi bat gidatuko dute 8 urtetik gorako haurrentzat.
Gasteizko Artium Museoak Raquel Koroma eta Aixiba Koroma dantzariak hartuko ditu larunbatean, azaroak 15, arratsaldeko 17:00etan, Amarauna familientzako programaren edizio berri batean. Biek Dancehall, dantza familian! dantza urbanoen lantegia gidatuko dute Museoan. Bertan, familiak gonbidatuko dituzte parte hartzera eta hizkuntza eszeniko urbanoak ezagutzera. Amaraunaren jarduera guztiak bezala, saio hau ere doakoa izango da eta aldez aurretik izena eman beharko da 945 20 90 20 telefonora deituta (erreserbak jarduera hasi baino 10 minutu lehenago arte gordeko dira).
Familientzako Amarauna programaren helburua adinekoek eta txikiek arteaz elkarrekin gozatzeko gune bat sustatzea da, hainbat arte-hizkuntza uztartzen dituzten ekimenen bidez.
Raquel Koroma, Dancing Princess izenez ezaguna, Euskal Herrian jaiotako dantzari eta koreografoa da. Hiru urterekin hasi zen dantzan, eta hainbat estilotan espezializatu da: balleta, hip hopa, reggaea / dancehall-a eta dantza afrikarrak. Nazioartean ikasi eta irakatsi du dantza, eta Estatu espainiarreko dancehall-en aitzindaria eta beteranoa da.
Aixiba Koroma dantzaria eta performerra da, Irunen jaio zen eta Jamaikan eta Sierra Leonan ditu sustraiak. Bere estiloan hiritarra (hip hop, street styles) nahasten du afroarekin eta dancehall-arekin, energia, teknika eta presentzia orekatzen dituen hizkuntza eszeniko bat sortuz.