Uztailaren 21etik abuztuaren 31ra bitartean izango da egoitza eta Larreinak lan-espazio bat izango du Gasteizko museoan, bai eta museoko lantaldeen eta Zas Kultur lantaldearen laguntza ere.
Gasteizko Artium Museoak eta Zas Kulturrek Flx. Javier Larreinaren Acciones para (re-)conocer proiektua aukeratu dute artistentzako egonaldian garatzeko. Ekimenaren helburua Araban sorkuntza garaikidea lantzeko eta laguntzeko esparru bat eskaintzea da, artista gazteei laguntza, baliabide teknikoak eta ikusgarritasuna eskainiz. Hautatutako proiektuak 1.500 euroko zuzkidura du ekoizpen kontzeptuan.
Epaimahaiak Artiumen eta Zas Kulturren ordezkariek osatu dute eta jasotako hamaika eskari aztertu dituzte. Euren esanetan, “guztiak nabarmendu dira kalitatea, planteamendu-aniztasuna eta ikuspegien sendotasunagatik”. Hala, azken erabakia proiektuaren kalitatea eta berrikuntza, proposamenaren bideragarritasuna eta parte-hartzaileen ibilbide artistikoaren arabera hartu da.
Egoitza uztailaren 21etik abuztuaren 31ra bitartean izango da, eta Larreinak lan-espazio bat izango du Gasteizko museoan, bai eta museoko lantaldeen eta Zas Kultur lantaldearen laguntza ere. Azken horrek, gainera, bere espazioa ere jarriko du artistaren eskura, laguntza-ingurune gisa. Baliabideen konbinazio horren helburua sorkuntza-, gogoeta- eta elkarrizketa-prozesu aktiboa bultzatzea da.
Azaldu dutenez, Larreinaren jarduna eskulturaren arloan kokatzen da. “Interes berezia erakusten du erakusketen muntaketa eta desmuntaketetan, eta gogoetarako gaitzat du lan artistikoa jendaurrean erakutsi aurretik eta ondoren gertatzen dena. (DES-) proiektuaren dosierrean agertzen denez, “TFGaren defentsaren ondoren gertatu zen proiektu honetarako lehen hurbilketa”, artistak erabaki baitzuen espazioan kokatutako elementuak desmuntatzeko lanak grabatzea, “etorkizunerako oroigarri modura, ikerketarako gai bihurtzeko asmorik gabe”. Metodologia hori jarduerara hurbiltzeko modu bihurtu zen, gero, eta formaren eta espazioaren arteko akzio-erreakzio iraunkorrean gauzatu.
Larreinak Artium Museoko egonaldiaren lau asteetarako aurkeztutako proposamenak museoko arlo guztietan lanean diharduten langileekin partekatutako zenbait ekintza barne hartzen ditu.
Javier Larreina Morales (Gasteiz, 1999) Arteko graduduna da eta Ekoizpen Artistikoko masterreko ikasketak egin ditu (EHUn). Talde-erakusketetan eman du ezagutzera bere lana, zenbait hiritan, hala nola Gasteizen, Bilbon eta Estatu espainiarrean. Hainbat egonalditan parte hartu du eta JAIren 2024ko edizioan parte hartu zuen, baita Gaztearen txokoa 2n ere.