Artoteka Arte garaikideko obrak maileguan hartu eta artisten eta herritarren arteko bitartekaritza egiteko plataforma abian

Arte garaikidea zabaldu eta ezagutzera emateko modu berriak sortzeko, arte garaikidearen eta sare sozialen arteko lotura-bideak eratzeko eta artisten ekonomian eredu berriak bultzatzeko dagoen beharra izan da proiektuaren helburua.

Bilboko Alondegiak Artoteka arte garaikideko obrak maileguan hartu eta artisten eta herritarren arteko bitartekaritza egiteko plataforma aurkeztu du, artea eguneroko bizitzara eta edozein ikuslerengana hurbiltzeko asmoz. “Arte garaikidea zabaldu eta ezagutzera emateko modu berriak sortzeko, arte garaikidearen eta sare sozialen arteko lotura-bideak eratzeko eta artisten ekonomian eredu berriak bultzatzeko dagoen beharra izan da proiektuaren sorburua” azaldu dute arduradunek.

Artoteka liburutegi baten moduan funtzionatzen du, baina euskal artisten sorkuntzekin. Bertako hamar artisten obra bilduma bat du abiapuntu, proiekturako bereziki diseinatua, bertako sorkuntza garaikidearen aniztasuna eta aberastasuna erakusten dituena. Bilduma hibridoa da, hainbat diziplinatako lanak jasotzen dituena: marrazketa, argazkilaritza, pintura, eskultura, bideoa… Artisten intereseko gaiak ikusaraztea du helburu, artea beste jakintza arlo batzuekin lotuz.

Erabiltzaileek obra horietako bat edo batzuk aukeratu ahal izango dituzte etxean, lantokian edo ikastetxean maileguan hartzeko. Maileguek hiru hilabete irauten dute gutxienez, eta obrak Artotekako taldeak gainbegiratuta garraiatzen eta instalatzen dira. “Mailegu bakoitza aktibatzeko, bitartekaritza-jarduerak diseinatzen dira, espazioaren eta erabiltzaileen eta artisten beharren eta interesen arabera. Horrela, artisten eta komunitateen arteko topaguneak sortzen dira, artelanen eta haien esanahien inguruan taldean gogoeta egiteko”, azaldu dute.

Hauek dira Artotekan parte hartuko duten artistak: Belen Cerezo, Helena Goñi, Juana Garcia-Pozuelo, Mawatres, Raisa Alava, Raquel Asensi, Raquel Meyers, Saioa Olmo, Tunipanea eta Victoria Ascaso.

Artoteka Karraskan, Sarean eta Wikitokik sustatutako proiektua da, Reshape europar proiektuaren esparruan.

Zabaldu: