(argazkia: EHU)

Artoteka, arte garaikideko obren mailegua bultzatzen duen lehen plataforma aurkeztu dute

Publikoak erabakiko du zer obra eta zergatik eraman nahi duen etxera edo lan espaziora.

Artotekak, artisten eta herritarren artean artelanak mailegatzea eta jarduerak bultzatzen dituen lehenengo plataformak, martxoaren 17an aurkeztu zuen Artoteka erakusketa, bilduma berriko obrekin eta artista berrien piezen aurkezpenarekin. Erakusketa hau apirilaren 13ra arte egongo da zabalik Barakaldoko Clara Campoamor zentro zibikoan, eta jendeak aukera izango du aurkeztutako obrak maileguan hartzeko.

Artotekaren bidez, “publikoak erabakiko du zer obra eta zergatik eraman nahi duen etxera edo lan espaziora, obra horiek hartuko ditu eta haiekin biziko da, eta, gainera, askotan, egilea ezagutzeko aukera izango du. Oso interesgarria iruditzen zaie hiru hilean behin artista berri bat ezagutzeko aukera; jende askok ulertzen du artea abiapuntu duen aktibismo bat dela, tokian tokiko sorkuntza testuinguruari laguntzen diola; beste pertsona batzuei asko gustatzen zaie bestela eskuratzea ezinezkoa izango litzaiekeen lanez gozatu ahal izatea, eta, gainera, hiru hilean behin aldatzea. Kasu batzuetan, etxeko espazioa beste ikuspegi batzuetatik berraurkitzeko aukera bat da, eta, obren bidez, beste lotura batzuk ezar ditzakete. Harrera oso ona izaten ari da, baina beti kostatzen zaigu pentsamoldea eta dinamikak aldatzea, asmoa da jarduera hori gure eguneroko bizitzan sartzea, beste elementu bat bezala, Netflix-erako harpidetza bat bezala”, azaldu du Laura Diez Artotekako koordinatzaileak.

Arte garaikidea herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzeko asmoz, Artoteka Reshape Europako proiektuaren prozesutik sortu zen 2021eko urtarrilean; honako hauek parte hartzen dute proiektu horretan: Sarean, Karraskan eta Wikitoki. Artelanen mailegua, eskola tailerrak eta tokiko artistekiko bitartekaritza eskaintzen dituen plataforma bat da, eta helburu du artea publikoari hurbiltzea eta kultura sustatzea. “Gure asmoa da artelan garaikidea herritarrei hurbiltzea, arteaz etxean edo espazio intimo edo partekatuetan gozatzeko beldurra kentzea, bitartekaritza artistikoaren bidez artisten esanahiak, jakintzak eta praktikak erraztea eta bistaratzea, portaera sozialak aldatzeko. Artisten tailerretan gordeta dauden artelanen garrantzia azpimarratzea eta artelanok mugitzea”, adierazi du Oihane Sanchez erakusketa honetako antolatzaileak eta Artotekako artistak.

Artotekaren lana herriko artisten artelanen bilduma bat prestatuz hasten da. Ondoren, artelan horiek jendaurrean aurkezten dira, eta jendeak aukera dauka etxeetan, lantokietan edo beste espazio batzuetan jartzeko maileguan alokatu nahi dituzten piezak aukeratzeko, gutxienez hiru hilabetez. Azkenik, plataformak bitartekaritza jarduerak diseinatzen ditu interesdunaren, artistaren eta espazioaren beharren arabera, eta obren garraioa eta muntaketa gainbegiratzen ditu.

Zabaldu: