2019ko kolokioa Baionako Euskal Museoan (argazkia: Jakes Larre-EKE)

‘Artxiboa eta Sorkuntza’ izeneko solasaldiak antolatu dituzte ekainean, Baionan

Baionako Euskal Museoan izango dira jardunaldiak datorren ekainaren 17an eta 18an. Aurtengo gaia alde batetik artxiboaren sortzea izango da, eta bestetik, artxibotik sortzea. Saioak modu presentzialean eta online jarraitu ahal izango dira. Izena emateko xehetasunak laster jakinaraziko dituzte.

Euskal Etnopoloa labelaren baitan, Euskal Kultur Erakundeak (EKE), ARI-CNRS erakundearekin elkarlanean, urtero antolatzen duen solasaldia egingo du 2021eko ekainaren 17an eta 18an, Baionako Euskal Museoan Artxiboa eta Sorkuntza izenpean. EKEk aurreratu duenez, aurtengo gaiak “artxiboaren sortzea” eta “artxibotik sortzea” izango dira.

Hala, bi egunez luzatuko diren jardunaldi hauetan, ikertzaileek eta artistek haien gogoetak eta esperientziak partekatzeko aukera izango dute, eta solasaldi hauen bi galdera nagusiei erantzuten saiatuko dira: “nolakoa da artxiboa, eta bereziki artxiboak bilakatzeko prozesua berez sorkuntza ekintza bat da? Nola bereganatzen dute artistek artxiboa beren sorkuntzaren hazkurri izan dadin?”

Azkenik, artxibo zaindari, ikerlari, artista eta jendartearen artean sortzen den elkarrizketa nabarmentzeko parada izango dute jardunaldi hauetan.

Saioak modu presentzialean izango dira osasun neurriak kontutan hartuz, baina online ere jarraitu ahal izango dira solasaldiak eta mahainguruak, Zoom aplikazioaren bidez. Izena emateko xehetasunak eta egitaraua laster jakinaraziko ditu Euskal Kultur Erakundeak.

Zabaldu: