[BIDEOA] ‘Asel terrorista? Mesedez!’ kanpaina martxan

Elkartasuna erakusteaz batera, Luzarragaren kasua epaitegira eraman ahal izateko dirua batzea da helburua.

Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskal Pen Klubak Asel Terrorista? Mesedez! kanpaina abiatu dute. Pasa den ostiralean aurkeztu zuten prentsaurrean Asel Luzarraga idazleak berak eta Fito Rodriguez idazle, EHUko irakasle eta EIEko lehendakari ohiak. Agerraldian, besteak beste, Luzarragaren kasua zehatz-mehatz azaltzen duen webgunea, John Andueza idazleak ondutako ikus-entzunezkoa atxikipenekin, eta elkartasun-kutxa osatzeko datuak eman dituzte ezagutzera.

Asel Luzarraga idazlea 2009ko urte zahar egunean atxilotu zuten Txilen, eta hango fiskaltzatik zuzendutako muntaia lotsagabe baten ondorioz, armak edukitzea, terrorismoa laguntzea eta gazteei ideia okerrak erakutsi nahi izatea leporatu zioten. Ia urtebete atxilotuta eman ostean kanporatu egin zuten Txiletik eta bere izena Interpoleko zerrendan sartu zuten. “Hau dena zergatik? Bere blogean maputxeen alde idazteagatik eta bere ideia anarkistengatik”, azaldu zuten prentsaurrekoan.

Hamar urte eta gero, Amerika Arteko Giza Eskubideen Batzordeak bere kasua aurrera eramateko zantzuak ikusi ditu eta tramitera onartu zaio Txileko estatuaren kontra ezarritako salaketa. Hain zuzen, horretara dator kanpaina.. Izan ere, absoluzioa da prozedura judizial honek eman dezakeen ondorio onargarri bakarra.

Orain arte elkartasuna erakutsi dutenen artean: Itziar Ituño, Bernardo Atxaga, Fermin Muguruza, Unai Elorriaga, Jose Ignazio Ansorena, Garbiñe Ubeda, Yolanda Arrieta, Ana Galarraga, Miren Agur Meabe, Garazi Arrula, Castillo Suarez, Asier Serrano, Leire Bilbao, Aurelia Arkotxa, Urtzi Urrutikoetxea, Unai Iturriaga…

Atxikimendua emateko hemen.

Zabaldu: