(Argazkia: Etxepare)

Asier Iturralderen eta Aintzane Usandizagaren ‘Etxe honetan’ album ilustratua argitaratu du Pamielak

Ilustratzaileak eta idazleak aurtengo Etxepareren haurrentzako albumak sortzeko saria irabazi dute Etxe honetan lanarekin.

(Argazkia: Etxepare)

Aintzane Usandizaga idazleak eta  Asier Iturralde ilustratzaileak Biko-Teka tailerrean ezagutu zuten elkar, eta horri esker sortu zuten Etxe honetan izeneko albuma. Galtzagorrik eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatzen duten Biko-Teka tailerrean ereindako hazien uzta jasotzen ari dira orain.

Iturralde eta Usandizagaren lanak bi protagonista nagusi ditu, etxean arauak jartzera ohituta dagoen aitatxi euskaldun eta moderno bat, eta horren egunerokotasuna eta errutina hankaz gora jartzen duen iloba txikia.

Iturralde donostiarra da, eta Arte Ederretan lizentziaduna. Irudigilea eta diseinatzaile grafikoa ere bada. 2017an Studio Gaston sortu zuen. Usandizaga bere aldetik, Lasarte-Oriakoa da, eta Artearen Historian lizentziaduna. Aurten Kabitu ezina izenburuko liburua argitaratu du Elkar argitaletxearekin.

Nafarroako toki-entitateetako Euskara Zerbitzuek, Nafarroan literatur sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izango zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatu zituzten 2004an eta haur, gazte eta helduentzako literatura bi urtez saritu zuten, formatu horretan. 2006tik aurrera baina, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. 2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da.

Zabaldu: