Pelikula Kondestablearen Jauregiko ekitaldi-aretoan proiektatuko da, 19:30ean.
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak lankidetzan antolatzen duten kultur programaren barruan, gaur, otsailak 10, Asisko Urmeneta zuzendari iruindarraren Sorgina, banaiz dokumentala proiektatuko da, eta ondoren, solasaldia izango da egilearekin. Lana Kondestablearen Jauregiko ekitaldi-aretoan proiektatuko da, 19:30ean, eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.
Sorgina, banaiz dokumentalak Pirinioen inguruko lurretan sorgin-ehiza ulertzeko ikuspegi historiko eta kritikoa eskaintzen du, 1525ean Auritzen hasitako jazarpen sistematikoa abiapuntu hartuta. Jazarpen horren barruan, milaka pertsona sorginkeriaz akusatu eta zigortu zituzten. Urmenetak irudiak, ilustrazioak eta adituen azalpenak uztartu ditu mitoaren eta errealitatearen arteko desberdintasuna argitzeko.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “dokumentalak ederki islatzen du nola egin zuten bat beldurrak eta botereak. Gizarte-kontrolerako mekanismo horiek egungo egoerarekin lotzen ditu, memoria historikoa berrikusteko eta komunitatearen identitatean duen eragina ulertzeko tresna bihurtuta”. Gainera, ekitaldia historia, arte bisuala eta kritika soziala uztartzen dituen espazio irekia izango da, eta iraganeko kontakizun isilduak orainera hurbiltzeko aukera paregabea eskaintzen du.
Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako filma
Neguko kultur zikloak martxoaren 10ean jarraituko du Inge Mendioroz Ibañez eta Idoia Garzes Aldazabalen Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako filmaren proiekzioarekin. Sorgina, banaiz dokumentalarekin bezala, emanaldia Kondestablen izango da, 19:30ean eta proiekzioaren ondoren solasaldi bat egingo da Inge Mendioroz zuzendariarekin.