(argazkiak: Hatortxu Rock jaialdia)

Aske jaialdiaren lehen edizioa abenduaren 27an izango da Atarrabian eta lehen 1.000 sarrerak prezio berezian salgai daude jada

Laster iragarriko dituzte agertokira igoko diren artisten izenak eta sorpresak.

Milaka eta milaka euskal herritarren aurrean agurtu zen Hatortxu Rock elkartasun jaialdia pasa den uztailean, 30. edizioa arrakastatsuarekin borobilduz. Auzolan ariketa erraldoia izan zen ordukoa, eta sen horri eutsi nahian jaio da Aske.

Uztailaren 27an Lakuntzan egindako ekitaldian azaldu zuten moduan, “elkartasun eta auzolan erakustaldiaren beharraz jakitun, genuen onena emana amaitu genuen Hatortxu Rocken zikloa. Eta, orain, dena eginda ez dagoela jakitun, etxean ez  gelditzea erabaki dugu. Aske jaialdiaren bitartez erantzungo diegu garai eta testuinguru berriak parez pare jarri dizkigun erronkei”, adierazi du antolakuntzak.

Hala, bide berri bati emango diote hasiera negu honetan: “musika jaialdi berri bati emango diogu hasiera. Gure jendearen askatasuna aldarrikatzetik gentozela esan genuen. Aurtengo abenduaren 27tik aurrera aske izateko jaio garela esatera igoko gara oholtzara. Herri honen eta bere jendearen askatasuna aldarrikatzera”.

Atarrabia “askatasunaren aldarri” bihurtuko dute, “soinu hotsek hedatu dezaten gure deiadarra. Egoerari aurre egiteko unea da, ez baikara haien hitzetan, ikurretan, mapetan, gorputzetan… haien bizitzetan kabitzen! Herri hau herri egiten dugunon artean egingo dugu, auzolanean”, nabarmendu du antolakuntzak.

“Aske bihurtuko dugu aurrerantzean herri honen elkarrekintzaren ospakizun. Eginez eta ekinez, soinu banda jarriko diogu jendeak Euskal Herriak behar duena egin dezan eta gure herria jendeak behar duena izan dadin. Aske izateko jaioak baikara”.

Sarreren aurrerapen berezia

Abenduaren 27an Atarrabian egingo da Askeren lehen edizioa. Laster iragarriko dituzte agertokira igoko diren artisten izenak eta sorpresak. Gaurtik aurrera, baina, lehen 1.000 sarrerak izango dira salgai, “aurrerapen berezi moduan”.

Sarrerak www.askejaialdia.eus atariaren bitartez erosi ahal izango dira 25 euroren truke. Webgune berean zabalduko da jaialdiaren inguruko informazio guztia, baita jaialdiaren sare sozialen bidez ere.

Zabaldu:

Utzi erantzuna