(argazkia: Errenteriako Udala)

Asteartean abiatuko da Musikaste, Errenterian

Euskal musikaren astea maiatzaren 27ra arte luzatuko da.

Eresbil Fundazioa – Musikaren Euskal Artxiboak eta Andra Mari Abesbatzak Musikaste jaialdiari jarraipena emango diote maiatzaren 16tik 27ra bitartean. 51. edizioak aurretik markatutako bideari jarraipena emango dio, euskal sortzaile eta interpreteei laguntza emanez. “Ekimena konpositoreen doinuak ezagutarazteko diseinatu da, bereziki egungo egileak, baina klasikoak ahaztu gabe”, azaldu du antolakuntzak.

51. edizio honi hasiera emateko, ganbera musikari eskainitako kontzertua antolatu dute lehen egunean. Fanlo & Barandiaran bikoteak egile ezagunen lanak aurkeztuko dituzte, besteak beste, Jose Maria Franco Bordons, Anton Larrauri eta Beltran Pagolarenak.

Hurrengo egunerako Lied-ari eskainitako jardunaldia antolatuko da. Miren Urbietak eta Ruben Fernandezek euskal musika-ondareko konpositore esanguratsuenen obrez osatutako egitarau anitza eskainiko dute. Honako egileen lanak entzun ahal izango dira: Jesus Guridi, Andres Isasi, Anon Garcia Abril, Felix Lavilla eta Pablo Sorozabal, besteak beste.

Dantzak Erritu izeneko obrarekin hartuko du lekukoa, hau da, Kukai Dantza konpainiaren eta Sharon Fridman koreografo ospetsuaren arteko topaketarekin. Erritu taldean zein kolektiboan, naturarekin eta komunitatearekin loturik, bizitzako etapak zeharkatuz egiten den bizi-bidaia da.

Leioako San Juan Bautista Abesbatzak, musika erlijiosoari eskainitako egunean, Jon Saenz-en The lamentations of Jeremiah obra estreinatuko du, Ensemble Concorde hari-taldearen laguntzarekin, eta Xabier Sarasolaren De profundis clamavi obra interpretatuko du.

Egunak aurrera jarraituko du Txistu eta Banda taldeen kontzertuekin. Bertan, Isidro Ansorena, Tomas Aragües, Roque Ansola, Joxe Mari Oiartzabal eta Joaquín Gaztanbideren lanak interpretatuko dira, besteak beste.

Iñaki Salvador Triok jazz-a ekarriko du Musikastera. Mikel Laboaren unibertsoa birsortuko dute sorkuntza propioekin batera.

Musika garaikideari eskainitako jardunaldiak euskal konposizio eszenan izen ezagunak bilduko ditu. Aurretik, Felix Ibarrondori eskainitako Kaierak koadernoa aurkeztuko da, ibilbide luze bati omenaldia. Ensemble Kuraiak, Andrea Cazzanigaren zuzendaritzapean, errepertorio zehatza jorratuko du.

Abesbatzen egunean ibilbide luzeko musikagileen lana gogora ekarriko da berriro, baita nazioartean arrakasta handia izaten ari den musikagile belaunaldi berriaren lana ere. Etxarri Aranazko abesbatza, Suhar abesbatza, Landarbaso eta KUP izango dira Lekuona Fabrikan kontzertua eskainiko dutenak.

Zabaldu: