(argazkia: Errenteriako Udala)

Astelehenean abiatuko Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren jaialdia

Munduko bidegabekeriak ikusaraztea eta salatzea eta istorio konprometituenak irudietan jartzera ausartzen diren sormenen eta lanen tranpolina izatea ditu helburu zinemaldiak.

Feminismoa, LGTBI kolektiboa, gatazka armatuak, migrazioa edo ekologismoa dira Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren jaialdiaren bigarren edizioan proiektatuko diren filmen gaietako batzuk. Antolatzaileen esanetan, “helburua da, alde batetik, bizi ditugun munduko bidegabekeriak ikusaraztea eta salatzea, eta bestetik, istorio konprometituenak irudietan jartzera ausartzen diren sormenen eta lanen tranpolina izatea”.

Guztira hamabi filmek osatuko dute Zinemaldiaren programazioa: bost film luzek eta zazpi labur eta metraje ertainek. Proiekzio hauek astelehenetik ostiralera izango dira, Niessen Zinema aretoan, 19:30ean. Sarrera doan izango da. Saio hauetarako gonbidapenak Lekuona Fabrikan edo sarrerak.errenteria.eus webgunean eskuratu ahal izango dira.

Ekimen honetan herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela nabarmendu dute, bai filmen proiekzioan, eta baita publikoaren sarian ere.

Hala, zinemaldiko sari ofizialak (proiektua garatzeko Juanmi Gutierrez laborategia eta zabalkunde saria) zinematografia-baldintzak eta giza eskubideei buruzko sentsibilitatea bateratzen dituen epaimahaiak banatuko ditu berriro. Epaimahaiko kideak honako hauek izango dira: Lucia Ixchiu guatemalar aktibista eta kultur kudeatzailea, Sara Hernandez gaur egun Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen saileko koordinatzailea, Agustin Arrieta fiolosofiari buruzko lan ugari argitaratu dituen EHUko irakaslea, eta, azkenik, Alvaro Hernandez zeinaren Aquí Seguimos film laburra Errenteriako Zinema Dokumentalaren eta DDHHen Jaialdiaren lehen edizioko irabazlea izan zen.

Sari banaketa Niessen Kulturgunean egingo da jaialdiaren azken egunean, azaroaren 26an, igandea, 18:00etan.

Jarduera osagarri gisa, Errenteriako ikastetxeetako DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleak gonbidatuko dituzte Giza Eskubideei buruz hausnartzeko aukera emango duen pelikula bat ikustera.

Jaialdiari buruzko xehetasun guztiak www.ggeefilm.com webgunean eskuragarri daude.

Zabaldu: