(argazkia: Euskaltzaindia)

Asun Garikano hizkuntzalari gipuzkoarra, euskaltzain oso izateko hautagai

Euskaltzaindiaren egoitzan egin den Osoko bilkuran aurkeztu da hautagaia. Hala, irailaren 29ko Osoko bilkuran jakingo da Patxi Goenaga euskaltzain emerituaren lekua idazle eta itzultzaile tolosarrak hartuko duen ala ez.

Euskaltzaindiaren egoitzan gaur egin den Osoko bilkuran, izen bakarra aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai, hain zuzen, Asun Garikano idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazlearena. Akademiak gogoratu duenez, Patxi Goenaga emeritu izatera igaro zen maiatzaren 5ean, hizkuntzalari azpeitiarrak 75 urte bete baitzituen egun horretan, eta maiatzaren 26an, Baionan egin zen Osoko bilkuran, zabaldu zen hautagaiak aurkezteko epea.

Euskaltzaindiaren arautegiak agintzen duen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, irailaren 29ko Osoko bilkuran egingo den bozketan jakingo da Patxi Goenagaren lekua Asun Garikanok hartuko duenetz.

Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, 1962) Euskal Filologian lizentziatua da eta Gasteizko IRALEko irakasle eta EIMAko kide izan da. Ameriketako euskaldunei buruzko bi libururen egilea ere bada: Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile gisa, ingelesetik euskarara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskaratik gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak. Edizio-lanaren arduradun izan da Garziarena aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian (2009-2016). Halaber, Bernardo Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizioaz arduratu da. Gaur egun, Euskaltzaindiak aurten bertan abian jarritako Testu-bankua proiektua gidatzen du. Hezkuntza-komunitateari zuzendutako egitasmo horrek curriculumaren euskal dimentsioarekin lotutako testu hautatuak eskainiko ditu, gaurkoak eta atzokoak, lau ataletan banatuta: Historia, Hizkuntza, Literatura eta Gaurko Gizartea.

Zabaldu: