Garikanok Patxi Goenagaren hutsartea beteko du Euskaltzaindian. Orain, euskaltzain oso berriak zortzi hilabeteko tartea dauka sarrera-hitzaldia paratzeko.
Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu du gaur, Nafarroako Parlamentuan egin den Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Patxi Goenaga emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Asun Garikanok erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.
Uztailean amaitu zen hutsunea betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek uztailaren 21ean Akademiaren egoitzan egin zen Osoko bilkuran, eta gaurko bilkuran Garikano izendatu dute euskaltzainek.
Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du euskaltzainak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera-ekitaldia egingo zaio.
Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, 1962). Euskal Filologian lizentziatua, Gasteizko IRALEko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako EIMAko kide izan zen. Ameriketako euskaldunei buruzko bi libururen egilea ere bada: Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile gisa, ingelesetik euskarara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskaratik gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak. Edizio-lanaren arduradun izan da Garziarena aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian (2009-2016). Halaber, Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizioaz arduratu da. Gaur egun, Euskaltzaindiak aurten abian jarritako Testu-bankua proiektua gidatzen du. Hezkuntza-komunitateari zuzendutako egitasmo horrek curriculumaren euskal dimentsioarekin lotutako testu hautatuak eskainiko ditu, gaurkoak eta atzokoak, lau ataletan banatuta: Historia, Hizkuntza, Literatura eta Gaurko Gizartea.