(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Ate joka dugu Gernika-Lumon izango den Bertso Eguna

Astran izango diren bazkari eta bertso jaialdirako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke oraindik. Amets Arzallusen ordez, Sustrai Colina ariko da arratsaldeko 17:30ean abiatuko den saioan. Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaiza izango dira emanaldian parte hartuko duten gainerako bertsolariak.

Azken ukituak baino ez dira falta larunbatean Gernika-Lumon izango den Bertso Eguna prest egoteko, horretarako Bertsozale Elkartea eta Lilibertso bertso eskola buru-belarri ari dira lanean. Aurreratu nahi izan dutenez, “herrian egun osoko festa aurreikusten da Bertso Eguna tarteko”.

Goizeko 10:30ean dute bertsozaleek hitzordua Muxikan, Ariatzan. Bertakoa da Garriko bertso-eskola, aitzindarietako bat bertsotarako elkargune izateari dagokionez. Ondoren, 12:00etan, Astra aurrean elkartuko dira zaleak eta lurralde ezberdinetako bertso-eskolak arituko dira tabernaz taberna ibilbidea osatuz.

15:00etan bazkaria eskainiko da Astran bertan, eta 17:30ean hasiko da eguneko bertso jaialdia. Elkarteak zehaztu duenez, “35 euroren truke lortu daitezke bazkarirako eta jaialdirako, bietarako, balio duten sarrerak bertsosarrerak.eus atarian. Hasiera batean kantatu behar zuen Amets Arzallusen ordez, Sustrai Colina ariko da. Gainerakoan, aurreikusi bezala, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaiza izango dira bertsotan; eta gai-emaile lanetan Aitor Etxebarriazarraga ariko da”.

Ondoren, gauean ere izango da festa jarraitzeko aukerarik, DJ Bullen eskutik.

Zabaldu: