‘Atera’ izeneko diskoa aurkeztu du Zea Mays taldeak

Atera diskoa plataforma digitaletan entzungai dago jada. Formatu fisikoan (CD-an eta biniloan) berriz, Durangoko Azokarako jarriko dute salgai eta hortik aurrera dendetan ere eskuratu ahal izango da.

Zea Mays talde bilbotarraren hamargarren lana dugu Atera, bederatzigarrena estudio batean grabatuta.

Hamaika kantuz osatuta, aurrekoekin konparatuta disko gogorragoa da Atera. Aldaketa nagusia sintetizadorearen erabileran dagoela aipatu dute. Gitarra gehiago sartu dituzte, zarata gehiago…

Gorka Urbizuk idatzi dio hitzaurrea diskoari. Aiora Renteria abeslariak aitortu duenez, “pribilegio” bat izan da Berri Txarrakeko abeslariak hitzaurrea idaztea, “horrelako musikari batek zure musika horrela deskribatzea pasada bat da. Segurtasuna ematen dizu”.

Disko berriaren produkziorako Carles Campi Campon produktorearen laguntza izan du Zea Maysek, ekoizleak Vetusta Morla, Natalia Lafourcade edota Jorge Drexler-ekin lan egin du, besteak beste, eta hainbat Grammy sari irabazi ditu. Nahasketa berriz, Hector Castillok (Bowie, Björk, Rufus Wainwright, etab…) egin du New York- en. Diskoa Andoaingo Garate estudioan grabatu dute. Aurretik baina, laukoak  maketa bat grabatu zuen Jose Lastra teknikariarekin batera Tio Pete estudioetan.

Atera diskoa plataforma digitaletan entzungai dago jada. Formatu fisikoan (CD-an eta biniloan) berriz, Durangoko Azokarako jarriko dute salgai eta hortik aurrera dendetan ere eskuratu ahal izango da.

Laukotea kontzertuak ematen hasi da jada: bihar, esaterako, Logroñon izango dira, hilaren 22an Bartzelonako EH Sona jaialdian eta abenduaren 11n Bilboko Kafe Antzokian. Datorren urteari begira, Iruñean, Gasteizen, edota Azpeitian, besteak beste, dituzte hitzorduak.

Zea Maysek Kea izeneko aurrerapen kantuaren bideoklipa plazaratu zuen diskoa kaleratu aurretik.

 

 

Zabaldu: